Antiguako inude eta artzainak, eguraldia bezain distiratsu
Inauterietan murgilduta dago hiria asteburu honetan, eta Antiguan ere ez dira atzean gelditu. Urteroko hitzordua errepikatu dute Antiguotarrak dantza taldeko inude eta artzainek, eta eguraldiaren distira aprobetxatuta, euren jantzi eta bitxi onenak atera dituzte kalera.
Antiguako Merkatu Zaharretik hasi dute ibilbidea, eta Matia kalean osoa zeharkatu dute, Bentaberri plazara iritsi arte. Han dantza egin dute, eta Guridi Musikagilearen kaletik eta Juan Garai kaletik pasa ondoren, Matia kalera iritsi dira. Gaskonia plazan ohiko dantzak egin dituzte, eta Erregezaintza kaletik, Mikel Laboa plazako frontoira joan dira. Antiguako frontoian amaitu dute desfilea, eta han, denek batera, arin-arina eta fandangoa dantzatu dituzte.
Inude eta artzainak ez dira bakarrik egon, izan ere, urtez urte lagun izaten dituzte belle epoque garaia irudikatzen dituzten pertsonaia ugari: apaizak, alkatea, medikua, erizainak, izozki saltzailea, eta abar. Aurten, berrikuntza gisa, emakumeen botoaren aldeko ekintzaile feminista talde bat batu da segiziora. Haiekin batera joan dira txaranga eta auzoko gazte danborrada.
Bideo batean jaso ditugu desfileko irudiak: