Intxaurrondoko autobus zerbitzua areagotzeko aldarrikapena atera dute kalera inauterietan
Intxaurrondon ere auzotarren algarak eta mozorroak dira nagusi asteburu honetan, eta umoreak eta aldarrikapenak bat egin dute auzoko kaleetan. Hain zuzen, Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkarteak (IZBE) denbora darama eskatzen auzoa batuko duen autobus zerbitzua, eta auzotar talde batek bere egin du aldarrikapen hori. Ironia baliatu dute dagoeneko “Intxaurbusa” lortu dutela jakinarazteko, eta mikrobus bat eraiki dute; gainera, bertso batzuk ere idatzi dituzte Galtzaundi doinuarekin.
Aldapa gora beherak
gure zorigaitza
gorako eskilarak
berriro ez dabiltza,
bizilagunak berriz
eskean gabiltza
behingoz jar dezatela
auzon mikrobusa
Errepika:
Mikrobusa, mikrobusa
ta bere izena Intxaurbusa
Anbulategi, Txara
dena auzo gainean,
baita kiroldegia
gu jartzeko forman,
haurrak ikastolara
edo institutura,
behingoz jar dezatela
autobusa gora!
Gutako edozeinentzat
ona da igeria,
baina adinan gora
hori komeria!
aldapan gora hasi
eta ezin buka
noiz jarriko digute
gure mikrobusa!
Joan den urtarrilean, auzoko danborrada guztiek eskaerarekin bat egin zuten, eta otsailean, kaldereroek ere auzo elkartearen aldarrikapena babestu zuten. Auzo elkarteak azaldutakoaren arabera, gaur egun, auzotar askok ez daukate garraio publikoaren bidez herritarren oinarrizko zerbitzuetara iristeko aukerarik, eta hori konpontzeko, gune horien arteko lotura bermatuko lukeen autobus zerbitzu bat eskatu diote udalari.