"Langileei egin dietena guztiz onartezina da"
Altzako kiroldegiaren eraikuntzan jardun duen Colaper azpikontratak milaka euroko zorra pilatu zuen auzoko Carrasco tabernarekin, hor langileei bazkaltzen eta afaltzen emango zietela akordatu ostean. Obrako iruzurra azaleratu zenean, Acciona eta Altuna y Uria enpresek osatutako ABEEak zorraren zati bat ordaindu zion Pili Leiva jabeari, baina honek oraindik ez du otsailari dagokion dirua jaso. Hala ere, kanporatuak izan diren langileei bere tabernan jaten ematen jarraitu du, elkartasun hutsagatik.
Zenbateko zorra pilatu zuen azpikontratak zure tabernarekin?
Urtarrilaren amaierarako 3.671 euro zor zizkidaten, eta otsailagatik, berriz, 2.500 euro baino gehiago. Gaia atera zenean, ABEEkoek urtarrileko zorra ordaindu zidaten, baina lotsagarria iruditzen zait nola hainbat hedabidetan esan duten jada zor guztiak ordaindu dituztela. Guri oraindik diru asko zor zaigu.
Diru hori inoiz ez jasotzeko aukera egon arren, zuk kanporatuak izan diren langileei jaten ematen jarraituko duzula erabaki duzu.
Ez ditut janik gabe utziko, inolaz ere ez, hori gizagabea izango litzatekeelako. Egin dietena guztiz onartezina da. Azpikontratarengatik balitz, dirurik, etxerik eta otordurik gabe egongo lirateke.
Nola bizi duzue auzoan obra honekin gertatzen ari den guztia?
Auzoko jendea oso nazkatuta dago kontu honekin. Ez dira soilik orain hemen dauden langileak. Aurretik beste hiru langile kuadrilla pasa dira obratik, eta beraiekin ere berdin jokatu dute. Jendeak ikusten du langileen joan-etorri handia dagoela, eta gainera obrak ez du aurrera egiten.
Azken urteetan inguruko saltoki pila bat itxi dituzte. Auzoa hiltzen ari dira. Horregatik, kiroldegiaren proiektuak Altza animatzeko nolabaiteko itxaropena eman zigun. Denbora aurrera doa, ordea, eta honek ez du aurrera egiten.
Kea saldu digute. Eta gainera modu lotsagarrian jokatu dute langileekin. Guk nahi duguna da behingoz kiroldegia amaitzea, eta langileak ongi tratatuak izatea. Eta auzotarrok horrek alde borrokatuko dugu.