Bi proiektu donostiar hautatu dituzte Katapulta Tour Gipuzkoa 2020 zirkuituan
Katapulta Tour Gipuzkoa musika eta arte eszenikoen zirkuituaren V. edizioa aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kutxa Kultur, Donostia Kultura eta Buenawista Prollecziom’sek lagunduta. Proiektuan aurten parte hartuko duten artisten izenak aditzera eman dituzte, eta bertan bi proiektu donostiar aurkitu daitezke: Voodoo Charms musika taldea eta 21:12 Produkzioak-ek aurkeztuko duen Sala de espera arte eszeniko lana. Haiekin batera aukeratu dituzte Ezpalak (Azkoitia, Zumaia, Zestoa, Tutera), Maite Larburu (Hernani) eta Matilda (Ordizia, Beasain) musika proiektuak, eta Kokreta Teatro (Hondarribia) taldearen Ahoy! antzezlana.
Zirkuituaren aukeraketaz gain, Kutxa Kultur Musikak beste sei talde hautatu zituen 2019-2020 programarako: Beste Urtaroak, Cônvoi, Idoia Asurmendi, Indian Feathers, Lemy River eta Siete C.
Donostiako Jazzaldiaren 55. edizioan parte hartuko duten tokiko taldeen emanaldietan ere presentzia izango du zirkuitoak, baita beste festibal eta areto batzuetan ere.
Aurten ere estilo askotariko proposamenak jaso ditu ekimenak, Gipuzkoako leku ezberdinetatik. Euskaraz 40 proiektu aurkeztu dira, eta emakumeek parte hartu duten proiektuak ere asko izan dira (27).