Donostiako inauterietako kartela plagio bat dela salatu du Paul Fuentes diseinatzaileak
Maher Abed diseinatzaileak irabazi zuen aurtengo Donostiako inauterietako kartel lehiaketan (1.000 euro), ezpainak margotuta, eguzkitako betaurrekoak eta zapi bat zeramatzan llama baten irudiarekin. Paul Fuentes diseinatzaile mexikarrak, ordea, bere sare sozialetan salatu du kartel hori bere diseinu baten kopia “triste bat” dela. Hain zuzen, 2018ko apirilaren 24an argitaratu zuen bere sare sozialetan diseinu originala, copyright eta guzti. Donostia Festakek antolatutako lehiaketaren oinarrietan argi jartzen du diseinuek “originalak eta inon argitaratu gabekoak” izan behar dutela, eta Abedek aurkeztutakoak zituen aldaketa bakarrak ezpainak margotuta izatea eta betaurrekoen kolorea ziren.
Abedek, bere aldetik, azaldu du argazkia ez zuela Fuentesen sare sozialetatik hartu, eta ez zekiela irudiak egiletza eskubideak zituenik. Era berean, egiletza eskubide horiek erreklamatzeko eskatu dio mexikarrari, eta jaso dituen eraso eta irainak gaitzetsi ditu. Donostia Festakek ere dagokion salaketa eta erreklamazio prozesua hastera animatu du Abed, erakundearen beraren “esku-hartzea errazteko”. Bestalde, kartela bertan behera utzi dute, eta plagio konfirmatuz gero, Donostiako inauterietako kartelen palmaresetik kenduko dutela nabarmendu dute. Gainera, beraien helburua kartelaren egiletza argitzea dela azpimarratu du Donostia Festakek, eta ekintza legalak gauzatzeko aukera aztertzen ari direla.