Eraiki Prest enpresa donostiarra epaitegira eraman du ELAk langile baten heriotzagatik
Lan istripua 2018ko irailean gertatu zen, Alemanian. Sindikatuak segurtasun neurrien eza eta beste hainbat irregulartasun identifikatu zituen, eta azpikontrata donostiarra salatzea erabaki zuen horregatik. Bihar hasiko da enpresaren aurkako epaiketa.
2018ko irailaren 1ean, Eraiki Prest enpresa donostiarrak bost langile bidali zituen Alemaniako iparraldeko Merkendorf hirira, hango obra bateko lanak egiteko azpikontratua izan ostean. Egun gutxira, ordea, soilik lau langile bueltatu ziren Donostiara. Bueltatu ez zena, Errenterian bizi zen gizon portugaldar bat, obran hil zen, segurtasun neurririk gabe lanean ari zela teilatu batetik erori zelako.
Ordutik ia urte eta erdira, langilearen enpresa epailearen aurretik pasa beharko da, ELAk bere aurka jarritako salaketa baten ondorioz. Sindikatuak istripuarekiko ardura zibila duela leporatzen dio Eraiki Presti, eta langilearen familiarentzako kalte-ordain bat ordaindu dezala eskatze du. Epaiketa bihar hasiko da, eta sententzia zenbait aste barru ezagutzea espero du sindikatuak.
Langilea eguzki-panelak instalatzera joan zen Alemaniara, beste lau lankiderekin batera, bi aljeriar eta bi marokoar. Enova Construction CVBA enpresak azpikontrataturiko Eraiki Prest enpresa donostiarrak kontratatu zituen lanerako. Bidaia furgonetaz egin zuten, eta iritsi eta ordu gutxira, bost langileak lanera joan ziren, eguzki-panelak abeletxe batean jartzera.
ELAk azaldu zuenez, hildako gizona hamabost metroko altuera batean ari zen lanean istripua gertatu zenean. Ordu-erdi lehenago, bere lankide batek argazki bat egin zion, haien lan baldintzen segurtasun eza agerian uzteko. Irudian ikus daitekeenez, langilea teilatuan dago, inolako segurtasun-neurririk gabe; ez kaskorik, es sokarik, ez sarerik, ez hesirik, ez ezer.
Sindikatuaren arabera, ezbeharra gertatu bezain pronto, Eraiki Prestek langileak obratik atera eta Donostiara bueltarazi zituen: “Ahalik eta azkarren eraman zituzten istripuaren lekutik urruti, deklaratu ez zezaten eta obrako irregulartasunak salatu ez zitzaten”.
Hauek, ordea, sindikatuarengana jo zuten hortik gutxira, gertatutakoa azaldu eta azpikontrataren jardunaren irregulartasunak salatzeko. ELAk jakinarazi duenez, langileetako lauren kontratuak Alemaniarako bidaiaren bezperan sinatu ziren, eta hildakoarena, berriz, furgonetara igotzerakoan. Gainera, langileek ez omen zuten egokitu zieten lan hori egiteko beharrezkoa den formakuntza, eta aurretik ez zieten osasun azterketarik egin. Hura enpresa horretarako lan egiten zuten lehen aldia zen.
Gertatutakoaren harira, enpresarentzako “zigor zentzagarri bat” eskatu du ELAk. Landeia aldizkarian argitaratutako erreportajean, sindikatuko Eraikuntza alorreko arduraduna den Igor San Josek hurrengo irakurketa egin du: “Eraikuntzako euskal enpresak ia eredugarriak direla uste du jende askok, eta beste enpresa batzuk, kanpokoak, etortzen direla hona dumping soziala egitera, jendearen premiez aprobetxatzera. Bada, kasu honek erakutsi digunez, hemengo enpresek ere gauza bera egiten dute: lanak onartzen dituzte Frantzian, Alemanian…, eta trebakuntzarik gabeko jendea eramaten dute, oso egoera prekarioetan lan egitera. Ez da harritzekoa, beraz, istripuak gertatzea”.