Kaleratzeak Stopek prentsaurrekoa deitu du, Azora funts putreen egoera salatzeko
Azora funts putrearengatik kaltetutako familiek eta Kaleratzeak Stop plataformak prentsaurrekoa deitu dute otsailaren 25eko asteartean, goizeko hamaiketan, Ijentea kaleko bigarrenean dagoen Azoraren egoitzan, haien egoera salatzeko asmoz.
Azorak Inmobiliaria Vascongada higiezina erosi duela jakinarazi zuen Kaleratzeak Stopek, eta beraz 300 etxebizitza horien alokatzailea bihurtu dela. Donostiako 300 familia etxegabetzeko arriskuan daudela salatu dute, funts putre horrek beste leku batzuetan egin duena ikusita.
Kaleratzeak Stop plataformak adierazi du lau familiek burofax bidez jakin izan zutela iada haien kontratuak iraungitu egin direla, baina Azorak hamar izan direla jakinarazi du, eta bizilagunen plataformak dioenez maiatza eta ekaina bitartean kontratu gehiago iraungiko dira, kontratu gabeko maizter kopurua handituz eta ezjakintasuna areagotuz.
Eneko Goia alkateak bilera izan zuen Azorako arduradunekin. Azaldu zuenez, Azorak indarrean dauden kontratuak bere horretan mantentzeko konpromisoa azaldu zuen. Hala ere, bizilagunek salatzen dute Goiaren erantzunak ez duela argitu zer gertatuko den dagoeneko iraungita dauden kontratuekin.
60 bizilagunek baina gehiagok idatzi bat sinatu zuten, alkatearen berehalako esku hartzea eskatuz, inor etxegabetua izan ez dadin bermatzeko. Prentsaurrekoaren ostean bizilagun plataformek idatzi bat bideratuko diete udaleko talde ezberdinei, egoera konpontzeko asmoa berriro ere azaltzeko. Alkatearekin biltzeko nahia azpimarratu dute, eta egoerak horrela jarraitzen badu mobilizazio eta protestekin jarraituko dute.