Kontxan 1753an aurkitutako barku bat bilatzen ari da Albaolako taldea
Kontxako horma jartzerakoan aurkitu zuten barkua urte horretan bertan, eta gaurtik asteazkenera arte arituko dira berraurkitzeko indusketa arkeologiko lanetan.
Albaola Itsas Kultur Faktoriak gidatutako lanaren helburua barku hondarra lokalizatzea eta, agertuko balitz, barkua zein urtetakoa den datatzeko laginak hartzea da. Hala azaldu du Xabier Alberdi Albaolako ikerketa departamenduko zuzendari eta Euskal Itsas Museoaren zuzendariak. Ez dakite ziur hor dagoen ala ez, ez eta zein urtetakoa den ere, baina XVIII. mendeko kartografiari esker badakite Kontxako horma jartzeko lanetan hor inguruan agertu zela. Bost behargin eta hondeatzaile batek egingo dituzte indusketa arkeologiko lanak, hiru egunez eta marea biziak aprobetxatuz.
Alberdik azaldu duenez, hondarrak topatzen badituzte, laginak aztertu eta dataren arabera egingo dituzte hurrengo esku hartzeak. Zenbat eta antzinagokoa izan, orduan eta interes handiagoa izango du ikerketak, eta ikerketa sakonago bat egin beharko litzateke: “XVIII. mendeko ontzi bat baldin bada, agian ez du merezi indusketa arkeologiko sakon-sakon bat egiterik, sasoi hartako planoak jada ezagutzen ditugulako”.
Arkeologikoki eremu oso aberatsa dela azpimarratu du baita ere, era guztietako arrastoak egon daitezke horrenbeste urtetan okupatua egon den hirian, baina dokumentazioarekin arazo larri bat dagoela ere aipatu du, hiria 1813an erre zutenean plano ia guztiak bertan erre baitziren. Hori ontziak lokalizatzerako orduan gabezia handia da, eta horretarako arkeologia beharrezkoa dela gogorarazi du arkeologoak.
Harrizko hondakinak eta egur zatiak atera dituzte dagoeneko. Alberdik aurreratu ahal izan du horietako batzuk hormaren zimenduetatik etor daitezkeela, baina baita barkuaren hondarretatik ere.