Urumea ibaian izandako isurketak direla eta, udalak informazio espediente bat ireki du
Donostiako Udaleko Ekologia Zinegotzigoak informazio espediente bat ireki du Agirre Lehendakariaren zubi parean Urumea ibaira egin den isurketagatik. Enrique Ramos Ekologiako zinegotziak ohar batean esandakoaren arabera, Ingurumeneko Sailak ez du zigor ahalmenik, baina jakinarazi du aholkularitza enpresa espezializatu bati txosten bat egiteko agindu diotela, isurketa horren eta hirian “behin eta berriz” gertatzen diren beste batzuen jatorriak ezagutzeko.
Beste erakunde batzuekin ere jarri dira harremanetan, informazioa eskatzeko. Ramosek jakinarazi du idatzi bat bidali diotela Eusko Jaurlaritzaren URA agentziari, “hura baita zigor ahalmena duen organismoa, isurketa horien erantzuleak zaintzeko, kontrolatzeko eta, hala badagokio, zigortzeko”. Era berean, Udaltzaingoari eskatu diote bere eskumenen barruan dauden horrelako ekintza guztiak zaintzeko eta zigortzeko, hark egin baitzuen kasuaren inguruko atestatua.
Ofizialki berretsi ez duten arren, baliteke isurketek Metroaren lanekin zerikusia izatea: “Ofizialki berretsi ez den arren badirudi isurketa Euskal Trenbide Sarearen obretatik datorrela, eta hari ere idatzi diogu Topoaren obrak egikaritzen ari diren enpresak kontrola ditzan”, gaineratu du Ramosek.