Donostiako inauterietako plagiatutako kartela irabazle bezala ez aitortzea erabaki du epaimahaiak
Donostiako Inauterietako kartel leihaketako epaimahaia ohiz kanpo bildu da. Maher Abed diseinatzaileak irabazi zuen aurtengo Donostiako inauterietako kartel lehiaketa. Ezpainak margotuta, eguzkitako betaurrekoak eta zapi bat zeramatzan llama baten irudiarekin. Aste honetan Paul Fuentes diseinatzaile mexikarrak bere sare sozialetan salatu zuen kartel hori Fashion Llama izena duen bere diseinu baten kopia zela, eta hori egiaztatuta zenbait erabaki hartu ditu epaimahaiak “aho batez”:
1) Donostiako Inauterien palmares historikoan 2020ko Inauterietako lehiaketaren kartel irabazlea ez aitortzea.
2) 1.000 €-ko saria ordaintzeko agindua bertan behera uztea.
3) Paul Fuentesi ordaina ematea, bere irudia iruzurrez erabiltzeak sor lekizkiokeen kalteengatik.
4) Donostia Festak unitateko sare sozialetatik eta zabalkunderako euskarri guztietatik irudia kentzea.
5) Erabaki horiei publizitatea ematea, horien berri izan dezaten eta haien ondorioak izan ditzaten.
Epaimahaiak gertatutakoa deitoratu du eta barkamena eskatu die leihakideei, baina gogorarazi dute ezin dela beste irabazlerik aitortu, edizio bakoitzeko kartel bakarra aukeratu dezaketelako.