Eneko Goia ostiralean bilduko da Azorak kaltetutako bizilagunekin
Kaleratzeak Stop plataformak eta Azora inbertsio funtsagatik kaltetutako bizilagunek prentsaurrekoan azaldu dute gaur goizean bertan deitu dietela Eneko Goia alkateak, ostiralean goizeko hamarretan haiekin batzartzeko eta arazoari konponbide bat emateko. 60 bizilagunek baina gehiagok idatzi bat sinatu zuten lehen elkarreratzean, alkatearen berehalako esku hartzea eskatuz.
Bizilagunek uste dute albiste ona dela alkatearen deia jaso izana, jazarpen finantzario moduan kalifikatu dutenari aurre egiteko, baina oraindik ere kezkatuta jarraitzen dute haien egoerarekin. Azorak Inmobiliaria Vascongadaren 321 etxebizitza erosi zituenetik, Donostiako familia ugari etxegabetzeko arriskuan daudela berriro azpimarratu dute, inbertsio funts horrek Madrilen eta Bartzelonan egin duena ikusita.
Lau familiek burofax bidez jakin dute dagoeneko haien kontratuak iraungitu egin direla, eta Azorak hamar izan direla jakinarazi du. Bertan egon dira lau familia horietako hiru. Kaleratzeak Stop plataformaren ustez, arazoaren konponbideak kolektiboa izan behar du, eta Azorak bizilagun hauei legediaren barruan dagoen zazpi urteko kontratu berri bat bermatzeaz gain, instituzioek alokairuen prezioaren egonkortasuna ziurtatu behar dute.
Hirugarren kontzentrazioa izan da gaurkoa, Ijentea kaleko bigarrenean dagoen Azoraren egoitza parean. Bizilagunei haien babesa eskertu diote, baita Bentaberri Alokairu elkarteko kideei, Blackstone inbertsio funtsagatik kaltetuta daudenak, horra bertaratzeagatik. Aurreratu dute martxoaren 28an manifestaziora deituko dutela, egoeraren aurrean erantzun moduan.
Iñaki Setien (Groseko bizilaguna): “Ez da zilegi donostiarrok etxebizitza bat izateko aukera gabe geratzea”
1923etik bizi izan da Setien familia Ategorrieta hiribidean, alokairupean. 2000. urtean sartu ziren Iñaki eta bere emaztea bertan bizitzera, haien bizi etorkizun proiektua izango zelako ustearekin. Etxea betirako edukiko zutela uste zuten, eta beraz, berriztatze nabarmena egin zuten: leihoak eta zorua aldatu zuten, sabaia eta paretak pintatu zituzten, sukalde berria, komuna…
Bikoteak hilabetero ordaindu du orain arte, baita Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (OHZ) eta komunitateko gastuak ere. Oraindik urtebeterako dute kontratua, baina ez dakite zer gertatuko den, eta kezkatuta daude.
Bizilagunen elkarteko bozeramailea da orain. Alkatearen deia esker onez jaso du gaur goizean: “Instituzioen ardura da hiritar euskaldunek etxebizitza bat izateko eskubidea bermatzea eta espekulazioa saihestea”. Mobilizatzearen garrantzia azpimarratu du, Madrilen eta Bartzelonan gertatzen ari dena Donostian ere gertatu ez dadin.
Monica Zapirain (Groseko bizilaguna): “Hemen gaude borrokatzeko prest”
Galtzara Nagusiko 8.ean bizi da Zapirain. Hamasei urte daramatza han bizitzen. Azaroan burofax bat jaso zuen, urtarrilaren 31n bere kontratua iraungiko zela berri emanez. Ustekabean hartu zuen. Hilabetero ordainduta kontratua berritzen joango zela azaldu zioten, baina ez diote esan noiz arte.
Zapirainek ere etxean berrikuntzak ordaindu behar izan zituen: lurra aldatu zuen, berogailua, leihoak… Hori guztia galtzeko beldur da.
Bizilagunak “ezinegonean” daudela esan digu, baina ez dira errenditzen: “Erakundeen kontrolik ezak ekarri ditu funts putre hauek Donostiara. Gu hemen gaude borrokatzeko prest, eta udalari egoera kontrolatzeko eskatzen diogu. Funts putreek nahi dutena egiten jarraituko dute bestela”.
Gustavo Gonzalez (Groseko bizilaguna): “Funts putreei berdin zaizkie bertan dauden familiak”
Duela ia hogei urtetik dago Ategorrieta hiribidean, Setienen moduan, eta Zapirain eta beste hiru familiaren antzera kontratua iraungita du urtarriletik. Kontratua ez zioten berritu nahi, eta hilabetero ordaintzeko aukera besterik ez zioten eman: “Higiezinen enpresaren aldetik kontratu bat iraungitzen dizutenean, kontratua berritu nahi ez dutela besterik ez badute esaten, horrek esan nahi du zure etxearekin eta biziarekin espekulatu nahi dutela”.
Inbertsio funts hauek errentagarritasuna besterik ez dute bilatzen Gonzalezen aburuz: “Diruak agintzen duen mundu batean bizi gara, eta dirua ateratzea dute helburu. Berdin zaizkie etxeek dituzten bizipenak, bizi proiektuak eta bertan dauden familiak”. Alkateari presioa eragin nahi diote, halako kasurik gehiago ez gertatzeko.