Kimuak 2019ko film laburrak aurkeztuko dituzte Tabakaleran
Otsailak 27an, ostegunean, Kimuak 2019 programako film laburren lehen emanaldi publikoa egingo dute Tabakaleran. 19:00etan izango da, eta sarrerak salgai daude dagoeneko, Tabakalerako webgune eta leihatilan. Larunbatean Bilboko Arte Ederren Museoan ere aurkeztuko dituzte.
Hauek izango dira 2019ko katalogoan dauden film laburrak: Josu Venero eta Jesus Mari Lazkanoren Artiko, Raúl de la Fuenteren El infierno, Jesús María Palaciosen Labo, Ion de Sosa eta Chema García Ibarraren Leyenda dorada, Izibene Oñederraren Lursaguak, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagaren Mateoren ama eta Ainhoa Gutiérrez del Pozoren Medvedek.
Etxepare Euskal Institutuak antolatutako programa da Kimuak, Euskadiko Filmategia Fundazioaren laguntzarekin, eta euskal film laburrak sustatzea eta banatzea du helburu. Aurkeztuko dituzten film laburrek Donostiako Zinemaldian hasi zuten ibilbidea. Geroztik, mundu osoko 170 jaialditan parte hartu dute: ZINEBI, Berlinale, BAFICI, Palm Springs, SEMINCI, Hong Kong, Bogoshorts, Black Canvas edota Warsaw, esaterako. Aste honetako proiekzioak publiko zabalari zuzendutako lehenak izango dira, eta egileak bertan izango dira.