Etxe turistiko berriak irekitzeko debekua Grosera eta Erdialde osora zabaltzeko eskatuko du EH Bilduk
Osteguneko udalbatzarrean Plan Orokorraren aldaketaren hasierako onarpena eztabaidatuko dute, eta EH Bilduk kritikatu du aldaketa horrekin Eneko Goia alkateak etxe turistikoen ordenantzarekin egindako “akats politiko berberak” egin nahi dituela. Oposizioko alderdiak azaldu duenez, araudiaren ondorio zehatzak ezagunak dira: gero eta etxe turistiko gehiago daudela, alokairuen prezioak garestitzen direla, eta donostiar asko euren auzoetatik kanporatuak izaten ari direla, hain zuzen.
Horregatik, Parte Zaharraz gain, etxe turistiko berriak irekitzeko debekua Grosera eta Erdialde guztira zabaltzeko eskatuko dute osteguneko udalbatzarrean. Hain zuzen, aldaketa horren osoko bilkurarentzat hamaika zuzenketa erregistratu dituzte, eta proposamen zehatz bat egingo dutela azaldu dute: “Parte Zaharrean pisu turistikoak irekitzeko dagoen debekua Grosera eta Erdialde osora Easoraino zabaltzea proposatuko dugu. Gure ustez, eremu horietan martxan dauden gentri kazio prozesuak geldiarazteko ezinbesteko neurri bat da. Izan ere, hamar urtetan Grosek 1.144 biztanle galdu ditu (% 6) eta Zentroak 639 (% 7)”.
EH Bilduren arabera, aldaketa horren berritasun nagusia Plan Orokorrean etxe turistikoen ordenantza sartzea da, baina salatu dute udal gobernuak ez duela autokritikarik egin ordenantza horrek “hiriko bizitzan izan dituen ondorioei buruz”. EH Bilduk azaldu duenez, Goiak eta bere gobernuak ez dute autokritikarik egin ez Donostian bi egunean behin etxe turistiko berri bat irekitzea ahalbidetzen duen ordenantza bat ezartzeagatik (Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziaren datua da hori, EH Bilduren arabera), ez aurreko araudiarekin legez kanpokoak ziren 900 etxe turistiko baino gehiago legeztatzeagatik, ezta Donostiak Espainiako Estatutako etxe turistikoen ordenantza onena zuela esateagatik ere. Era berean, gogoratu dute EAEko Auzitegi Nagusiak Donostiako udal ordenantza bat bertan behera utzi duela, eta Goiak “beste alde batera” begiratzen duela salatu dute.
Auzitegiak ordenantza hori bertan behera utzi zuenean alkateak etxe turistikoen jabeak lasaitu izana kritikatu du EH Bilduk: “Argi dago zein den ordenantza honen azken helburua eta zein sektore ekonomiko asebete nahi zuen”. Oposizioko alderdiaren aburuz, etxe turistikoen ordenantza birpentsatzeko eta egindako akatsak zuzentzeko aukera bat izan zen araudia bertan behera gelditu izana, baina Goiak “aukera hori pasatzen utziko duela dirudi”, EH Bilduren arabera. Horren ondorioz, etxe turistikoek ugaritzen jarraituko dutela, alokairuen prezioek garestitzen jarraituko dutela eta gero eta donostiar gehiago euren auzoetatik kanporatuak izango direla deritzo EH Bilduk.