Inauguratzear den erraustegiaren aurkako manifestaziora deitu dute larunbaterako
Larreko Mahaiak manifestaziora deitu du larunbaterako, hilaren 29rako; 17:00etan hasiko da, Easo plazan; Osasunagatik, ekonomiarengatik eta klimagatik, ez erre etorkizuna! izango da protestaren leloa. Larreko Mahaia Gipuzkoako hainbat eragile ekologista, sozial eta sindikalek osatutako plataforma da, klima larrialdiari aurre egiteko helburuarekin sortutakoa.
Gainera, errauskailua martxan jartzen duten egunerako ere mobilizazioak iragarri dituzte. Ziurra ez den arren, martxoaren 3rako dago aurreikusita inaugurazioa, eta egun horretan, “hileta-estetika” duten elkarretaratzeak egingo ditu mugimenduak hainbat hiri eta herritan, 19:00etan.
Beste hainbat eragilek ere atxikimendua eman diote manifestazioari, besteak beste, Etxaldek, Greenpeacek, Ekologistak Martxanek, Eguzkik, GuraSOSek, Ernai gazte taldeak; ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru, EHNE, CCOO sindikatuek; eta EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdiek.
Atzo egin zuten mobilizazioen berri emateko agerraldia, eta Errauskailuaren Aurkako Mugimenduko bozeramaileek honakoa adierazi zuten: “Zubietan, datozen 35 urteetan, dioxinekin eta funaroekin kutsatu nahi gaituzte; gainera, Zaldibarko hondakinak erraustegira ekarri nahi dituzte. Hori arazoa lekuz aldatzea besterik ez da”.
Era berean, Markel Olano ahaldun nagusiari Zubietako errauskailuaren kudeaketaz arduratuko den enpresarekin sinatutako kontratua erakusteko exijitu diote “beste behin”. “Jakin nahi dugu zer jaso den kontratu horretan, eta zeinen eskuetan utziko diren ardurak, datozen 35 urteetarako aurreikusten diren baldintza sozioekonomikoen, eta aurreikusten diren interesen arteko talken aurrean”, gaineratu dute.
Agerraldian Zaldibarko gertakariak ekarri dituzte gogora eta salatu dute pribatizazioak erakutsi duela “zaborraren mafiak” ez duela eskrupulurik. Halaber, adierazi dute hondakinen kudeaketan “beste pauso batzuk” emateko ordua dela, eta inguruko udalei exijitu diete haiek bildutako hondakinak Zubietako erraustegira ez bidaltzeko konpromisoa “zorroztasunez” hartzeko. Gainera, nabarmendu dute alternatibak badaudela, eta gogorarazi dute Gipuzkoako herri askotan egin direla “hobekuntzak” arlo horretan.