Inauteriak ez dira bukatu Amara Berrin
Inauterien egun indartsuenak izan ziren joan den asteburuan, baina jaia oraindik ez da amaitu. Amara Berrin, larunbatean jarraituko dute ospakizunekin, eta konpartsen desfilea egingo dute Loiolako Erriberatik hasita Irun plaza ingururaino. 19 konpartsak hartuko dute parte, eta ikuskizuna 17:01ean hasiko da.
Bartzelonako hiribidetik Gregorio Ordoñez kalera joango dira, eta handik Irun plazara. Gero, Isabel II.aren hiribidetik desfilatuko dute, Madril hiribideraino. Eustasio Amilibia kalera joango dira ondoren, eta Felipe IV.aren hiribidetik igaro eta gero, Baleazaleen kaletik autobiarako norabidea hartuko dute, eta han amaituko dute ibilbidea.
Amara Berriko auzo elkarteak auzotarrak animatu ditu mozorrotzera eta inauterien espirituarekin jarraitzera, auzoa “kolorez eta alaitasunez” betetzeko.
Era berean, Donostiako Udalak jakinarazi du 15:30etatik 20:00etara “gutxi gorabehera” ondorengo kaleak itxiko dituztela: Loiolako Erribera pasealekua, Nemesio Etxaniz kalea, Bartzelona hiribidea, Gregorio Ordoñez kalea, Irun plaza, Isabel II.aren hiribidea (bakoitiak Irun plaza eta Madril hiribide artean), Madril hiribidea (bikoitiak Isabel II.aren eta Eustasio Amilibia kaleen artean), Felipe IV.aren hiribidea, Baleazaleen kalea, eta Kontsulatu kalea.