Lilatoiaren edizio arrakastatsuenaren egitaraua aurkeztu dute
"Norantza bakarra du bideak" lelopean ospatuko dute berdintasuna aldarrikatzen duen ekitaldia, martxoaren 1ean.
Donostiako Lilatoiaren 31. edizioaren xehetasunak aditzera eman ditu gaur Atletico San Sebastian klubak. Urtarrilean aurkeztu zituzten aurtengo kamiseta eta abestia, eta duela egun batzuk jakinarazi zuten dortsalen salmentan errekor guztiak hautsi dituztela. 6.500 emakume korrikalari baina gehiagok parte hartuko dute, aurreko urtean baino %4,75 gehiagok, eta inskripzioak otsailaren 9an agortu ziren, aurreikusitako data baina 11 egun lehenago hain zuzen.
Urtetik urtera hazkundea geldiezina izan dela azpimarratu dute. Norantza bakarra du bideak izango da aurtengo leloa, eta Atleticok antolatzen duen 6.en Lilatoia da honakoa. Dortsalak Gipuzkoako beste herri batzuetan jasotzeko aukeraren arrakastatsua ere kontuan hartzekoa dela aipatu dute, eta Renferi eskertu diote Tolosatik Donostiara kolapsoak saihesteko tren bat gehiago gehitu eta Donostiara egun horretan bertaratzeko prezioak merkeago jarri izana.
Programa ekitaldi ugarik osatuko dute. Goizean goizetik, 9:40ean, beroketekin hasiko dira Boulevardeko Kioskoan, Lorena Garayoa Tellechearen koreografiekin eta Zumba erritmora. 10:05ean, irteeran, Ibarrako Soka-Tira Taldeko 14 neska arituko dira eta omenaldia egingo diete. 10:25ean Ana Asensio eta Ruth Alvarezek 5 km egingo dituzte Handbike bidez. Bost minutu beranduago hasiera emango diote Lilatoiari, Carros de fuego entzun ondoren eta aurtengo abestia den Superemakumea–ren erritmora. Ondoren, Laboral Kutxako emakumezkoen txirrindulari taldea irekiko du lasterketa.
Giroa lasterketa osoan zehar ez da faltako: 3txulo txaranga Bilbo plazan egongo da, Bengoa Audiovisuales irteeran, helmugan eta tarteko puntu kritiko batean bultzada ematen egongo dira, eta ohi bezala Emakumeen Etxeko Batukada Kursaalean egongo da. Karrera amaitzean Alderdi Ederreraino joango dira amaitu dutenak, eta bertan janaria eta masajea jasoko dute. Atletico klubak gogorarazi du garrantzitsua dela helmuga gurutzatzean ez geratzea, pilaketak saihesteko.
Alderdi Ederren kategoria bakoitzeko 3 irabazle sarituko dituzte 11:30ean. Absolutu garailearentzako txapela izango da, eta beste kategoriak honakoak izango dira: juniorrak (14-25 urte bitartekoak), seniorrak (26 eta 45 urte bitartekoak), beteranoak (46 eta 59 urte bitartekoak) eta azkenik 60 urte baina gehiagokoak. Horrez gain, hiru talde jendetsuenak sarituko dira: Zumaiako Emakumeon Etxea (150 partaiderekin), Urretxu-Zumarraga Ikastola (134 partaiderekin) eta Haztegi Ikastola (111 partaiderekin).
Sariak banatuta, 12:30etatik aurrera, trikitilariek girotutako Lilapotea egongo da Donostiako Parte Zaharreko hainbat tabernatan zehar: Quinto Pino, Ordizi, Eiger, Herria eta Aurresku. Eman Emak DJ-ak emango dio amaiera ekitaldiari.
Ibilbidean aldaketak
San Martingo mozketa dela eta, aurtengo ibilbidea aldatu egingo da. Askatasunaren hiribideko bira eta gero, Urbieta kalea zeharkatuko dute korrikalariek, Mendeurreneko plazaraino, eta 180 graduko birarekin Prim kaletik San Martingo bidegurutzeraino iritsiko dira.
Ibilbidea, bestela, aurreko urteetako berdina izango da. Foruen Pasealekutik eta Erregina Erregeordea pasata Kursaalaren zubira iritsiko da. Zurriola etorbidean barrena eta Nafarroa etorbidean biratuz, Boulevardetik barrena sartuko da karrerari amaiera emateko.