13.200 kilo janari eramango dituzte Saharako errefuxiatuen kanpamenduetara
Sahararen aldeko karabana: itxaropena elikatu egitasmoa abian da hamaikagarren urtez. Horri esker, Tindufeko (Aljeria) saharar errefuxiatuen kanpalekura eramateko elikagaien bilketa egin zuten joan den urtarrilean. Orotara, 13.200 kilo elikagai bildu dituzte Donostian, hainbat merkatalgune eta ikastetxetan.
S.E.A.D.-en Lagunen Elkarteak Dbus autobus enpresaren garajeetan izan du janaria biltzeko aukera, eta han aritu dira azken egunotan jasotakoa sailkatzen eta kamioietan kargatzen. Hain zuzen, larunbatean, otsailaren 29an, abiatuko dira kamioiak, eta Dbuseko hiru txoferrek eramango dituztela jakinarazi dute. “Gazte batzuek txukun eta polit margotutako bi kamioi abiatuko dira Gipuzkoatik”, jakinarazi dute antolatzaileek. Era berean, euren esker ona adierazi diete laguntza eskaini duten guztiei: “udalari, herritarrei, ikastetxeetako komunitateei, Dbuseko arduradun eta langileei, txoferrei, grafitien egileei, eta lan honetan lagundu diguten guztiei bihotz-bihotzez: mila esker”.
Aurtengo karabanak, guztira, 250 tona elikagai eramango ditu zazpi trailerretan, eta larunbatean, ekitaldi bat egingo dute kamioiei agurra egiteko. Zurriolan izango da, 10:00etan, eta hainbat bertsolarik eta dantzarik parte hartuko dute.