Arantza del Puerto futbol entrenatzaileak jasoko du V. Carmen Adarraga saria
Martutene KE taldeko entrenatzaile Arantza del Puerto (Donostia, 1971) izango da aurtengo Carmen Adarraga saria jasoko duena. Añorga KKEn eman zituen bere futbol jokalari urte guztiak, eta taldearekin hiru liga eta hiru Erreginaren kopa irabazi zituen.
Espainiako selekzioan 80 partidu jokatu zituen, horietako batzuk 1997ko Eurokopan. Emakumezkoen futbolean aitzindarietako bat izan zen. 2005ean utzi zion jokalari izateari, eta entrenatzaile moduan aritu da geroztik Añorga KKE, Zumaiako, irungo Real Union taldeetan eta Martutenen, baita Euskadiko selekzioan ere.
Martxoaren 3an emango diote Ricardo Ugartek egindako eskultura den saria del Puertori, asteartean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregian. Futbolari lotutako bizitza saritu nahi dute, baita emakume futbolarien belaunaldi berriak sortzeko erreferentzia izatea ere.