Bonnie & Clyde afroamerikarrak
‘Queen & Slim’
Zuzendaria: Melina Matsoukas
Urtea: 2019
Herrialdea: AEBak
Tinderreko zita lasai baten moduan hasiko dena, erailketa batekin amaituko da Queen eta Slimek inongo arrazoirik gabe atxilotu nahi zituen polizia bati tiro egingo diotenean. Euren defentsan egingo badute ere, justiziak ez du beraien alde egingo eta aukera bakarra izango dute: ihes egitea. Aldi berean, poliziaren hilketaren bideoa birala egingo da eta black power mugimenduko heroiak bihurtuko dira.
Nahiz eta filmaren hasiera thriller baten hasiera dirudien, Queen & Slim road trip eta film sozialaren arteko mix-ean bilakatuko da. Horrela, filmak protagonisten ihesaldia -ez hainbeste poliziaren jazarpena- eta komunitate beltzaren erantzuna erakutsiko dizkigu. Queen abokatuak eta Slim saltzaileak beraien bizitzak bertan behera utziko dituzte eta egoera berrira egokitu beharko dira, gaizkile bilatuenak baitira orain. Bonnie & Clyde (1967) eta Thelma & Louise (1991) filmen erara, sistemaren aurkako ikur bilakatuko dira eta elkarrekin aurkitu beharko dute askatasunera bidea.
Tramak indar handia ez izan arren –hasieratik aurreikusi daiteke norantz doan istorioa eta ez da asko sakontzen arrazakeriaren salaketan– filmak baditu berezia egiten duten hainbat ezaugarri: Argazkia hain da borobila non plano bakoitza erabat erakargarria den eta Estatu Batuetara lekualdatzen zaituen. Gainera, Lauryn Hill, Luther Vandross eta Fela Kutiken soinu bandak osatuko du bidaia luze hau. Eta antzezlanari dagokionez,Daniel Kaluuya –Get Out (2017) eta Black Panther (2018)– eta Jodie Turner Smithen –Jett (2019) and Nightflyers (2018)– arteko harremanaren eboluzioa hunkigarria da oso.
Lena Waith aktibistak idatzi eta ekoiztu du Queen & Slim, 2015. urtean prentsan oihartzun handia izan zuen Sandra Blasteren atxiloketa eta hilketan oinarritutako film hau. Horrela, Estatu Batuetan biztanleria beltzak egunero bizi dituen bidegabekerien beste istorio bat eskaintzen digu, eskubide-berdintasunetik urrun gauden adierazgarri.
Eta Melina Matsoukasek zuzendutako lehen filma da hau. Matsoukas ezaguna da oso HBOko Insecure telesaiagatik eta abeslari ezagun askoren bideoklipak zuzendu izanagatik; JLo, Kylie, Lady Gaga, Rihanna, Katy Perry eta Beyoncerenak, besteak beste. Eta hain zuzen, Beyonceren Formation abestiaren bideoklipeko iruditegira eta estetikara itzultzen da bere opera prima honetan: New Orleansko auzo afroamerikarreko irudiak, Beyonce kotxeko leihotik abesten, haurra dantzan poliziari aurre eginez, Stop shooting us dioen graffitia eta Beyonce polizia kotxe batean gainean. Irudi guzti horiek -antzekoak- agertzen dira filmean eta aldarrikapena ere, noski. Behin eta berriro egin beharreko aldarrikapena: Black Lives Matter.