Eguzkik salatu du Metroak isurketa bat baino gehiago egin duela
Udalak esandakoa ezeztatuz, Donostiako ingurumen sailak isurketa hauek zigortzeko ahalmena baduela adierazi du talde ekologistak.
Agirre Lehendakariaren zubi parean Urumea ibaira egin zen isurketa dela eta, erakunde ofizialek hainbat informazio plazaratu dituzte azken egunotan. Isurketa honek Metroarekin zerikusia izan dezakeela aipatu da, eta Euskal Trenbide Sareak argi utzi nahi izan du isurketa bat bakarra izan dela, eta horrelako zerbait gertatzen den lehen aldia dela gainera. Bestealde, Donostiako Udaleko Ekologia Zinegotzigoak informazio espediente bat ireki zuen aste honetan, eta bertan Enrique Ramos ekologia zinegotziak ohar batean azaldu zuenez, udalak ez du zigor ahalmenik kasu horietan.
Bi adierazpen horiek faltsuak direla salatu du Eguzki talde ekologistak ohar baten bidez. Metroak Zarautzeko hiribidetik Ibaetako errekara ere isurketak egin dituela salatu dute, itsasgorarekin ageriak direnak, Nanogune parean. Gogorarazi dute bi aldiz behintzat ofizialki egiaztatu dituztela isurketa horiek, eta isurketetan botatako materiala Tximistarriko kolektorean buxatuta geratu dela, itsasora atera ezinik.
Enrique Ramosek eta Eneko Goia alkateak berak ere esandakoaren harira, nabarmendu dute URA agentziak ezar ditzakeen zigorrez gain, udalak ere baduela zigorrak ezartzeko ahalmena. Donostiako udalaren Ur Hornidura eta Saneamenduko araudiko XII. atala azpimarratu dute, non arau-hauste larritzat agertzen den honakoa: “Isurketak indarrean dagoen legedian eta Udalak onartzen dituen arauetan adierazitako mugen eta baldintzen barruan egiteko betebeharra ez betetzea”. Ramos zinegotziari eta udal gobernuari beste alde batera begiratzea egotzi diote, eta Belartzako eta Lourdes Txikiko kasuak gogorazi dizkiete.
Talde ekologistak “lotsagarritzat” jo du agintariek horrelako gertakariei buruzko azalpenak herritarren salaketak ia saihestezinak direnean egitea, baita errua beti beste alde batera botatzea ere. Diru publikoaz ordaindutzen ari den Metroa ingurumen-arauak behin baina gehiagotan urratzen ari dela aldarrikatu dute, eta urratze horiek kontrolatu beharko lituzketen erakundeek garrantzia kentzen dietela gertaera hauei.