Klima aldaketaren azken datuak direla eta, Donostiako teilatuetan lorategiak jartzea aztertzen ari dira
Donostiako Udalak klima aldaketak hirian izango duen eraginaren inguruko ikerketa bat egin du Tecnaliarekin lankidetzan, eta 2100 urterako tenperatura maximoa 2,8 gradu igoko dela aurreikusi dute. Horri aurre egiteko, hainbat neurri aztertzen ari da udala, tartean hiriko eraikin pribatuetako teilatuetan lorategiak jartzeko diru-laguntzak ematea, arkitektura neurriak hartzea eta Plan Orokor berrian hainbat neurri sartzea.
Hiriko mapa termiko bat osatzea izan da ikerketaren helburua, eta hainbat datu atera dituzte. Alde batetik, ondorioztatu dute batez besteko tenperatura maximoak aldatu egiten direla auzoen artean, 23,4 eta 27,7 graduen artean daude, hain justu. Zehazki, tenperatura maximo baxuenak kostaldetik hurbilen dauden guneetan eta auzo altuetan erregistratu dituzte. Altuenak, aldiz, itsasoaren eragin gutxien duten auzoetan erregistratu dituzte, barnealdeko auzoetan, alegia.
Era berean, 2100 urterako batez besteko tenperatura maximoa 2,8 gradu igotzeaz gain, 20 gradutik gorako gauak gaur egun baino 5-15 gehiago izatea aurreikusi dute aipatu urterako. Mende bukaerarako, urtean bi eta lau bero bolada artean egongo direla aurreikusi dute, eta horrek herritarren osasunean eragina izango duela nabarmendu dute. Bestalde, 1980tik 2015era itsasoaren azalerako batez besteko tenperatura hamarkada bakoitzean 0,19 gradu igo dela aipatu dute.