Martxorako prestatu dituen jarduerak aurkeztu ditu Bagera elkarteak
Bagera Euskaltzaleen Elkarteak jardueren egitarau zabala prestatu du martxorako, eta hilabetea hasi bezain pronto egingo dute lehena: Elkarrizketa filosofikoak. Martxoaren 2an izango da, 19:00etan, eta Urrats euskaltegian ((Amezketarrak kalea, 12) egingo dute hilabete honetako solasaldia. Otsailekoari jarraipena emateko, Narrazioa eta kontakizuna gaia jorratuko dute berriro, eta horretarako oinarrizko irakurgaia Fito Rodriguezen Fake News-ak ez dira atzo goizekoak izango da.
Hurrengo hitzordua martxoaren 11n jarri dute, eta hilabeteroko zineforuma egingo dute. Hain zuzen, Emakumeen plazera filma proiektatuko dute Koldo Mitxelena Kulturunean, 18:30ean. Jarraian, solasaldia egingo dute Laura Muelas de Ayala antropologoarekin, eta saioa gidatuko du Ander Gisasola bagerakideak.
Honela azaldu dute antolatzaileek filmaren sinopsia: “Barbara Miller dokumentalgileak, bost emakumeren kontakizunen bidez, emakumeen sexualitatearen eta plazeraren errealitate konplexuetara hurbiltzen gaitu. Protagonistak dira Deborah Feldman komunitate judu ortodoxotik erbesteratutako idazle amerikarra; Leyla Hussein Somaliako psikoterapeuta, ablazioaren biktima eta ekintzaile soziala; Rokudenashiko lizunkeriagatik kondenatutako artista japoniarra; Doris Wagner kleroaren kide batek bortxatutako moja ohia; eta Vithika Yadav-agatik, Indiako genero-eskubide eta eskubide sexualen aldeko aktibista”. Filmazpit programari esker, jatorrizko hizkuntzan eta euskaraz azpidatziekin ikusteko aukera izango da estreinakoz Millerren pelikula.
Helduentzat antzerki ikastaroa antolatu du Bagera elkarteak hirugarren aldiz, eta Oihana Maritorena euskara irakaslea eta aktorea izango da formatzailea. Ikastaroa apirilaren 27tik ekainaren 15era izango da, astelehenetan 18:15etik 19:30era, eta orotara zortzi saio izango dira. Helburua antzerkiaren bitartez euskara praktikatzea izango da, eta antolatzaileen ustez beste modu bat izango da euskaraz ikasitakoa praktikan jartzeko. Izen ematea bagera@bagera.eus helbidera idatziz eta 943 005 074 telefono zenbakira deituz egin daiteke apirilaren 24a arte. Ikastaroaren prezioa hogei eurokoa izango da, eta Bagerakideek, langabetuek eta ikasleek hamabost euro ordaindu beharko dituzte.
Bestalde, otsailean martxan jarri zuten Hitz eta jolas egitasmoa errepikatuko dute martxoaren 26an, 17:30etik 19:00etara, Bagera elkartearen egoitzan. “17:30ean ezin baduzu etorri, beranduago ere etor zaitezke eta jolasean hasi. Animatu eta izena eman, euskaraz ondo pasatzeko aukera bikaina da eta!”, adierazi dute elkartekoek.
Donostian ez ezik, hiritik kanpo ere egingo dute jarduera bat martxoan: Iruñera txangoa egingo dute martxoaren 28an. Egun pasa joango dira, eta 10:30ean jarri dute hitzordua autobus geltokian. Egunean zehar, hainbat gauza egingo dituzte parte hartzaileek: Andre Mariaren katedrala bisitatu, Parte Zaharreko kaleetatik paseatu, eta Karrikiri elkartean bazkaldu. Han Iruñeko, Hondarribiko, Malerrekako, Baztango eta Bortzirietako mintzalagunekin elkartuko dira. Irteeran parte hartzeko interesa dutenek, 25 euro ordaindu beharko dituzte, eta martxoaren 25erako eman beharko dute izena. Ordainketa egiteko ES33 30350092570920042476 kontuan ordainketa eginez beharko dute izen ematea.
Azkenik, martxoan zehar Euskaraldiaren aurkezpenak egingo dituzte hainbat auzotan:
- Egia: aurkezpen bilera irekia martxoaren 3an, 18:30ean, Egia kultur etxean.
- Altza: aurkezpen bilera irekia martxoaren 25ean, 19:00etan, Casares-Tomasene kultur etxean.
“Euskaraldiaren inguruan zalantzaren bat argitu nahi ezkero, zure auzoko Euskaraldiko batzordean partu hartu nahi baduzu edo zure eremuan Donostiako Euskaraldiko talde motorreko kideen bisita jaso nahi baduzu, idatzi donostia@euskaraldia.eus helbidera edo deitu 688 717 074 telefono zenbakira”, azaldu dute Bagera elkartekoek.