Pisu turistikoen ordenantza Hiriaren Antolamendurako Plan Orokorrean txertatzea onartu du udalbatzak
Udalbatzak hasierako onespena eman dio HAPOaren aldaketari. Elkarrekin Donostia eta EH Bildu erabakiaren aurka agertu dira, EAEko Auzitegi Nagusiak pisu turistikoen ordenantza baliogabetu egin zuela argudiatuz.
Udalbatzak Donostiako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) hirigintzako arau orokorraren aldaketa puntualari hasierako onespena eman dio, EAJ, PSEE-EE eta PP-ren bozekin. Neurri horren bidez, udal gobernuak bidea eman dio pisu turistikoen ordenantza arau orokorrean txertatzeko erabakiari.
Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak azaldu du, plan orokorra aldatuta, udalak “segurtasun juridiko handiagoa” emango diola turismo etxebizitzen erregulazioari. Izan ere, behin betiko onartua izanez gero, “etxebizitza turistikoaren ugaltzeari mugak jartzen zizkion udal ordenantzako artikulu nagusiak hiriko planteamenduan sartuko lirateke”, Arzallusen hitzetan.
Elkarrekin Donostiak eta EH Bilduk, ordea, aldaketa ez dute begi onekin ikusi, eta hainbat zuzenketa proposatu dituzte. Elkarrekin Donostiaren hitzartzean, Haizea Garay zinegotziak nabarmendu du pisu turistikoen ordenantza indarrean egon den epean, hirian, “HAPO-ren arabera legalak izango ez liratekeen 900 pisu turistiko legalizatu direla”. Horregatik, gaur onartutako erabakiarekin, udalak arau orokorra “flexibilizatu” eta “etxebizitzekin negozioa egitea sustatu duela” azpimarratu du zinegotziak.
Gainera, gogoratu du ordenantzak bere baliogabetasuna deklaratzen duten hiru sententzia jaso dituela, plan orokorrak zehaztutakoaren aurka joateagatik (HAPOk pisu turistikoak etxebizitzen gainean egotea debekatzen du). Udalak sententzia horiek errekurritu egin ditu, eta ordenantza Plan Orokorrean txertatzeko erabakiarekin, horiek inolako eraginik izan ez ditzatela bilatzen dela zehaztu du Garayk: “Horrek legea urratzen du eta kalte egiten die pisu turistikoen eragozpenak jasaten dituzten bizilagunei”.
EH Bilduko Ricardo Burutaran zinegotziak, bere partetik, Auzitegi Nagusiak baliogabetzat jo duen ordenantza batek segurtasun juridikorik eskaini ezin duela erantzun dio Arzallusi, eta Grosen pisu turistiko berrien sorrera debekatzeko beharra azpimarratu du: “Auzoan ez dago pisu turistiko gehiagorentzako lekurik. Grosek 1.1100 biztanle galdu ditu dagoeneko, eta udalak hartuko duen neurri honek gazteek kanporatzea baimentzen jarraituko du”.
Gainera, Azora inbertsio funtsak hirian erositako 321 etxebizitzen harira, Burutaranek gogoratu du horietako etxebizitza asko Grosen daudela: “Azoraren kaltetuei eta auzoko bizilagunei benetan lagundu nahi badiezue, debekatu ezazue Grosen pisu turistiko gehiago sortzea”.