Xolomo Gangsta: "Aire freskoa eman diogu euskal memegintzari"
Ez da erraza izan beraiekin elkartzea, baina azkenean lortu dugu. IRUTXULOKO HITZAk Xolomo Gangsta taldeko hiru kideekin hartu du aperitiboa aste honetako Hamabietan Bermuta atalean. Ttan Ttakun irratian ostiraleko irratsaioa grabatu aurretik egin diegu elkarrizketa, Egiako Bidea tabernan, xolomeroen mundua barrutik ezagutu ahal izateko.
Elkarrizketa osoa ostiraleko astekarian egongo da irakurgai, baina hona hemen aurrerapen txiki bat:
Asmatu duzuen hizkerak sekulako arrakasta izan du Instagramen: ‘etxekoi’, ‘fully morangas’, ‘txirula’… Baina, hitz horiek nondik datoz?
Harry Kozkor: 2009 inguruan hasi ginen horrekin. Behin, etxean fully morangas nengoela, Latinoamerikako cholo-en munduan sakontzen hasi nintzen, eta dokumentu bat idatzi nuen haiek erabiltzen zituzten hitzak euskarara itzuliz. Dena PDF batekin hasi zen, eta, geroztik, hitz horiek erabiltzen ibili gara: etxekoi, ordule, harakin, watxazak… Gero, irratsaioarekin hasi ginenean, dena euskaraz egin behar genuenez, berdin jarraitu genuen.
Zuen arteko broma gisa jaiotako hitz horiek orain Euskal Herri osoan zehar entzun daitezke, ordea.
Harry Kozkor: Hori, zalantzarik gabe, gure lorpenik handiena da.
Jay Zip: Aurrekoan, Dabadabara gindoazela, sarreran zeuden tipo batzuei etxekoi esaten entzun genien. Agian ezagutu egin gintuztela pentsatu genuen, baina ez, beraien artean ari ziren.
Mortimer Fintx: Nire kuadrillakoak ere hasi dira etxekoi esaten, baina ez niri entzun didatelako. Ez dakite nondik datorren ere, baina Instagrama duen jendeari entzun izan diotenez, beraiek ere erabiltzen hasi dira azkenean.
Zer nolako ekarpena da hori euskararentzat? Mesedea ala ostikada?
Harry Kozkor: Euskaltzaindiari egunero ematen dizkiogu ostikadak.
Mortimer Fintx: Baina eman egin behar zaizkio!
Jay Zip: Araudiari ez diogu kasu handirik egiten. Nahiago dugu kaleko hizkera.