AHTa, Martuteneko bizilagunen buruhaustea
AHTaren lanak direla medio, Martuteneko Okendotegi bideko 153 zenbakiko etxea desjabetu egin behar du Adif enpresak. Eskaini dizkieten diru kopuruak oso txikiak direla uste dute bost bizilagunek, eta borrokan jarraitzen dute.
![aht_12](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2020/02/aht_12.jpg)
Martutenetik sartuko da Abiadura Handiko Trena Donostian, Okendotegi bidearen ingurutik, zehazki. Hain justu, zonalde horretan dauden hainbat baserri, etxe eta lur-eremu desjabetu behar dituzte horretarako, gaur egungo trenbidea zabaldu behar baita. Aurretik hainbat eremu desjabetu badituzte ere, Okendotegi bideko 153 zenbakiko bizilagunak dira azkenaldian gehien mobilizatzen ari direnak.
![aht_6](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2020/02/aht_6-500x334.jpg)
Pareta txiki batek baino ez ditu banatzen Okendotegi bideko 153 zenbakiko eraikina eta trenbidea. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian)
Eraikin horretako hainbat bizilagunek dagoeneko desjabetzea sinatu eta alde egin dute, baina bost bizilagun ez daude eskaini dietenarekin konforme, eta tinko eutsi diete euren aldarrikapenei. Javier Agudo, Garikoitz Arrese-Igor, Mañoli Iyarreta, Felipe Ezkurra eta Alberto Hernandez dira borrokan jarraitzen dutenak. Iyarreta joan den astean hil zen, baina Arrese-Igorri eman zion bere etxearen inguruan erabakiak hartzeko eskubidea.
Agudok azaldu duenez, 2018ko urrian jakin zuen bere etxetik joan beharko zuela, prentsan irakurrita: “Niri lagun batek abisatu zidan, El Diario Vasco egunkarian Estatuko Aldizkari Ofizialaren kopia ikusi zuelako. Hasieran, brometan ari zela pentsatu nuen, baina ez”. Arrese-Igorrek ere horrela izan zuen desjabetzearen berri, baita gainontzeko bizilagunek ere: “Noticias de Gipuzkoa egunkarian ere argitaratu zuten, eta horrela jakin genuen denok. Ez ziguten gutun bat ere bidali, eskandalu bat da”. Horregatik, abokatu batzuekin harremanetan jarri ziren.
![aht_7](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2020/02/aht_7-500x750.jpg)
Arrese-Igorren etxebizitzatik ikusten dira dagoeneko egiten ari diren AHTaren lanak. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian)
Bizilagunek azaldu dutenez, handik denbora batera, Adifeko langile bat beraien etxebizitzak tasatzera joan zen, baina ez zuten haren berririk izan hainbat hilabetetan. Arrese-Igorren arabera, 2019ko abuztuaren 8an, okupatu aurreko akta sinatzera joan zirenean, ez zekiten zenbatean tasatu zituen Adifek euren etxebizitzak. Derrigorrez sinatu beharreko dokumentu bat da okupatu aurreko akta, momentu horretan hasten baita desjabetze prozesua, eta sinatu ondoren jarri daitezke alegazioak. Aipatu dokumentua sinatu zuten egun berean, alegazioak jarri zituzten bizilagunek, nahiz eta ez zekiten zenbat diru eskaintzen zieten.
Diru gutxi desjabetzeen truke
Arrese-Igorrek adierazi du alegazioak jarri eta gutxira jakin zuela berea baino etxe handiagoa zuen bizilagun bati “oso gutxi” eskaini ziotela, “130.000 euro inguru”. Azaldu duenez, Iñigo Garciari, Adifen eta Okendotegi bideko 153 zenbakiko bizilagunen arteko bitartekariari, deika aritu zitzaion orduan, zenbat diru eskaintzen zioten jakin nahian. Horren harira, Adifekin komunikazio falta handia egon dela salatu du Arrese-Igorrek: “Hirugarren deian esan zidan zenbatean zegoen tasatua etxea: 123.000 euro eskaintzen zizkidan Adifek”. Kantitate hori “irrigarria” dela deritzo Arrese-Igorrek, etxebizitza horretan gastatutakoaren erdia baino pixka bat gehiago baino ez delako: “Oraindik ordaintzen ari naizen 168.000 euroko hipoteka daukat, eta arkitektoekin frogatuta daukat 60.000 euro gastatu ditudala erreforman”. IRUTXULOKO HITZA Garciarekin harremanetan jarri da, baina ez du adierazpenik egin nahi izan, Adifen azpikontratatu bat dela argudiatuz. Adifekin ere harremanetan jarri da hedabide hau, eta nabarmendu dute Okendotegi bideko 153 zenbakiko hainbat bizilagunek beraien eskaintza onartu dutela: “Eskainitako balorazioak ‘irrigarriak’ ez direla frogatzen du bizilagunen erdiak baino gehiagok onartu dutela. Era berean, horrek frogatzen du kaltetuekin elkarrizketak eta bilerak egon direla”. Bestalde, Adifen arabera, tasazioak “merkatu ikerketa batean oinarrituta” egin dituzte, “inguruko hainbat lekukorengana joz”.
Agudok gogoratu du hasierako planetan AHTaren lanek ez zietela beraien etxebizitzei eragiten: “Garik erreforma egin bazuen, etxe hau ez zutela ukituko esaten zuen txosten batekin etorri zirelako izan zen”. Hori baieztatu du Arrese-Igorrek: “Duela zazpi urte, bagenekien desjabetzeak egingo zituztela baserri batzuetan, baina, planoen arabera, gure etxea salbatu egiten zen. Horregatik egin nuen erreforma”. Lanak beraien etxera hurbiltzen ziren heinean, ordea, pitzadurak ateratzen hasi zirela azaldu dute bizilagunek, eta, horregatik, uste dute beraien eraikina ere desjabetzea eta botatzea erabaki zuela Adifek, etorkizuneko arazoak ekiditeko.
![aht_14](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2020/02/aht_14-500x750.jpg)
Okendotegi bideko 153 zenbakia, Adifek desjabetu eta bota behar duen eraikina. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian)
Hain justu, zonalde berean dago Agirretxe baserria, eta hango bizilagun Nerea Agirretxerekin hitz egin zuen hedabide honek 2013an. Garai hartan, AHTaren eragina nabaritzen hasiak ziren jada zonalde horretan. Zera zioen orduan Agirretxek: “Gure etxean beti izan dugu AHTaren mamua. Nire aitonak, hil aurretik, esaten zigun, ‘lasai egon, ni hil egingo naiz eta ez dut trena ezagutuko’. Hala izan zen, baina, zoritxarrez, hamahiru urte beranduago, mamu hori hurbiltzen zaigula ikusten dugu”. Era berean, erakundeen laguntza eza salatzen zuen duela zazpi urte Agirretxek: “Hasieratik oso-oso bakarrik sentitu gara. Baserritar guztien artean elkar laguntzen dugu, baina erakundeetatik eta gainontzeko biztanleengandik laguntza gutxi jaso dugu”. Bestalde, Xabier Rubio Haritzalde Naturzaleen Elkarteko kideak ere parte hartu zuen erreportaje horretan, eta zera zioen AHTaren proiektuak Martuteneko zonalde horretan izango zuen eraginaren inguruan: “Ingurune naturalean izango du eragina, baina nekazaritza ingurunean izango du eragin gehien. Penagarria da nola geldituko den Urumearen haran hau”.
Okendotegi 153ko bizilagunengana itzuliz, Arrese-Igorrek nabarmendu du berari ez ezik, Adifek gainontzekoei ere diru gutxi eskaini ziela: “Nire bizilagunek etxeak ordainduta dituzte, baina txikiagoak dira, eta 80.000, 90.000 eta 100.000 euro inguru eskaini dizkiete. Horrekin, Donostian, ez zoaz inora”. Ildo beretik, Agudok bere kasua azaldu du: “Hasieran, 96.000 euro eskaini zizkidaten, eta orain 104.000 eskaintzen dizkidate, baina horrekin ez duzu ezer egiten”. Bestalde, baratza batzuk ere desjabetu behar dituzte, Arrese-Igorrena, esaterako: “Baratzaren parte bat desjabetu zidaten duela urte batzuk. 1.200 euro eskaini zizkidaten hasieran, eta azkenean 1.800 euro jaso nituen, nahiz eta nik askoz gehiago ordaindu nuen duela hamabost urte. Orain beste zati bat desjabetuko didate, emankorrena dena”.
Harreman zaila udalarekin
Diru kopuru duinagoak edo Donostian beste etxebizitza bat eskuratzea eskatu dute hasieratik bizilagunek, baina denbora aurrera zihoala eta Adifek irtenbiderik ematen ez zietela ikusita, EH Bilduren eta Elkarrekin Donostiaren udal taldeekin harremanetan jarri ziren. “Oposizioarekin harremanetan jarriz, Eneko Goia alkatearen eta Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziaren atea jotzeko aukera izan genuen”, azaldu du Arrese-Igorrek. Horrela, alkatearekin bilera bat egin zuten, eta “pozik” atera zirela nabarmendu du Arrese-Igorrek. Hala ere, bileran Etxegintzako pertsona bat zegoela gogoratu du bizilagunak, eta batere gustatu ez zitzaion iruzkin bat egin zuela: “Nire kasua azaldu nionean, ‘ezin zarete pretentsio horiekin etorri’, esan zidan. Hori ez zitzaidan batere gustatu”.
![aht_3](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2020/02/aht_3-500x750.jpg)
Olatxo Berri baserria, trenbidearen ondoan; hemen ere desjabetzeak egin dituzte. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian)
Arrese-Igorren arabera, hamabost egunen buruan berriz biltzea adostu zuten Goiarekin. Azaldu duenez, denbora tarte hori pasa zenean, udaletxera deitzen hasi zen, baina ez zioten hitzordurik ematen. Beraz, aipatu udal taldeek gonbidatuta, udaletxera joan ziren: “Hango pasilloetan itxoiten lortu genuen Arzallusekin hitz egitea, baina, ordutik, udalak ez digu deitu ere egin”.
Horregatik, iazko abenduan, EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak bizilagunak berriz gonbidatu zituzten udaletxera, prentsaurreko bat ematera. Agerraldi hartan, beraien egoera azaldu zuten bizilagunek, eta udalak Adifen eta beraien arteko bitartekaritza egiteko eskatu zuten. Izan ere, AHTaren proiektuaren atzean Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua daudela onartzen dute bizilagunek, baina lanak egiteko baimenak udalak sinatu zituela gogoratu dute, baita beraiek Donostiako bizilagunak direla ere; horregatik eskatu zioten udalari bitartekaria izateko. Aipatzekoa da prentsaurreko horren ondoren Adifek berriz deitu ziela bizilagunei, bakoitzari 10.000 euro gehiago eskaintzeko –orotara, 133.000 euro Arrese-Igorri eta 104.000 euro Agudori–, baina diru horrekin ere zaila da Donostian etxebizitza bat erostea.
Udalak, ordea, adierazi du bizilagunekin harremanetan jarraitzen dutela, eta hainbat aukera ari direla aztertzen, “tartean alokairuzko etxebizitzak eskaintzea, baina udalak ezin du legalki etxebizitza soziala eskaini”. Era berean, desjabetzeak egiten dituen erakundea udala ez denez, nabarmendu dute udalak ez duela zertan irtenbiderik eman behar: “Kontua da, egun dituzten etxebizitzen prezioa bat dela, eta segur aski bizilagunak ez direla konforme egongo, baina hor Donostiako Udalak ezer gutxi egin dezake”. Bestalde, udalaren arabera, “komunikazioa eta ateak irekita daude. Bizilagunek badakite hori, eta guregana jo dezakete nahi duten guztietan”.
Bizilagunen arabera, aldiz, gaur egun ez dago inolako komunikaziorik udalarekin. Horregatik, Elkarrekin Donostiak gonbidatuta, urtarrileko udalbatzarrera joan ziren, Okendotegi 153 soluzioa orain! leloa zeramaten kamiseta batzuekin. Arrese-Igorrek azaldu duenez, udalbatzarra errespetuz jarraitu zuten, eta bukaeran Arzallusekin hitz egiten saiatu ziren: “Nekanerengana joan nintzen, gure gaia nola zegoen galdetzera, eta oso urduri jarri zen”. Era berean, azpimarratu du ez Arzallusek, ez Goiak ez zutela beraiekin hitz egiteko jarrerarik erakutsi: “Txundituta gelditu nintzen, ez zitzaidan batere profesionala iruditu, baita harrokeria handikoa ere”.
![aht_2](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2020/02/aht_2-500x334.jpg)
Trenbidea eta Urumeako autobia ditu inguruan Martuteneko Okendotegi bideko zonaldeak, eta baserriez gain, oso lur emankorrak ditu. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian)Joseba Parron San Sebastian
Bestalde, Arrese-Igorrek nabarmendu du beraiek ez dutela alokairu sozialeko etxebizitzarik nahi, ugazabak direlako: “Gu etxebizitza baten jabe gara, zergatik ordaindu behar dugu alokairu sozial bat? Etxebizitza bat beste batengatik nahi dugu”. Kaleratzeak Stop plataformarekin harremanetan jartzeko ere gomendatu zietela gogoratu du Arrese-Igorrek, baina ez diote zentzurik ikusten horri: “Ni ez naiz kaleratu bat, nire etxea ordaintzen ari naiz”. Horregatik, diru kantitate hoberik ez dutela jasoko ikusita, adierazi dute Donostian beste etxebizitza bat emateko eskatzen dutela gaur egun. Horretarako, orain Eusko Jaurlaritzara joko dutela iragarri dute.
Ziurgabetasuna nagusi
Bizilagunek salatu dute momentuz inork ez diela deitu esateko noiz utzi beharko dituzten euren etxebizitzak. Arrese-Igorrek gogoratu du legez hilabete lehenago abisatu behar dietela, eta, azaldu duenez, inguruko lanetako langileei entzun diete apirilerako euren etxea botatzea espero dutela.
Adif enpresari horri buruz galdetuta, adierazi dute “legeak agintzen duen denborarekin” abisatuko dietela bizilagunei, baina ez dute datarik zehaztu. Horregatik, ziurgabetasun handiarekin bizi direla nabarmendu du Agudok: “Ezin dituzu planak egin. Nik hiru seme-alaba ditut, eta ez dakit udan etxera ekarri ahal izango ditudan”. Arrese-Igorrek ere ildo beretik jo du, eta duintasunez tratatzeko aldarrikatu du: “Ni proiektu honen aurka nago, baina AHTa egin behar badute, kaltetutako bizilagunak pertsona gisa tratatzeko eskatzen dugu. Hau defendatzen jarraituko dugu, jendearekin ezin delako horrela jolastu”.