Ancorak Okendotegi 153ko eraikina ez eraisteko eskatu du
Okendotegi bideko 153 zenbakiko bizilagunak ez dira euren etxebizitzengatik borrokatzen ari diren bakarrak. Izan ere, Ancora elkarteak ohartarazi du XV. mendekoa dela eraikina, eta ez eraisteko eskaera egin du.

Okendotegi bideko 153 zenbakiko eraikinaren armarri zaharra. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian)
Fronte berri bat ireki da Okendotegi bideko 153 zenbakian, eraikinaren ondare historikoaren harira. Izan ere, etxea XV. mendekoa dela jakinarazi du Ancora Ondarearen Babeserako Elkarteak, eta laguntza eskatu die Donostiako Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, eraisketa gelditu eta eraikina aztertu eta zaindu dezatela exijituz.
Ancoraren arabera, Etxe-dorrea hiriko eraikin zibil zaharrenetariko bat da. Eraiki zutenean, Legarra eta Ergobiako Etxea izenekin izan zen ezaguna, eta, gerora, Beheko Erbetegi eta Erbetegi Zaharra izenak izan zituen. Azken hori, bere jabe ohietako batetik datorkio: Miguel Perez Erbetagatik, hain justu. XVI. mendearen hasieran Donostiako alkate izan zen Perez Erbeta, eta haren izen-abizenak eraikinaren sarrerako arkuan idatzita daude, letra gotikoekin. Perez Erbetaga Maria Gomez de Olazabalekin ezkondu zen 1505ean. Donostiako familia garrantzitsu batekoa zen Gomez de Olazabal, eta, ordutik, haren armarria eraikinaren atean dago.
Erbetako batxilerraren alabak, Gracia de Olazabalek, oinordetzan jaso zuen etxea. Alonso de Idiakezekin, Karlos V.a enperadorearen idazkariarekin, ezkondu zen Gracia de Olazabal, eta Idiakezen familiako hurrengo belaunaldiek jaso zuten oinordetzan etxea, 1880ra arte. Horretaz gain, hainbat aldaketa izan ditu eraikinak historian zehar. Hain justu, 1875. urteko karlistadan, esaterako, erre egin zuten, eta askotariko konponketak egin zizkioten.
Eraikinean beharrezkoak diren kontrol arkeologikoak egin ditzatela eskatu die Ancorak erakundeei, baita ondare horren ezagutza eta dokumentazio lanak gauzatu ditzatela ere. Era berean, etxearen estruktura sendotzeko helburuarekin, bere kontserbazioa bermatzeko baliabide ekonomikoak jarri ditzatela eskatu dute. Bestalde, nabarmendu dute eraikinean hainbat pertsona bizi direla, eta duela urte gutxi etxea hobetzeko erreformak egin zituztela.
Baserrien babes eza
Ancoraren ustez, Erbetegiren eraisketak berriro ere agerian utziko luke Donostiako baserriek jasaten duten babes eza, eta ibaiaren inguruan galdutako gainerako erreferente historikoei batuko litzaiekeela adierazi du.
Gaiarengatik galdetuta, Eneko Goia alkateak adierazi du kasua aztertu egingo dutela, baina nabarmendu du eraikin horren berri orain izatea “deigarria” iruditzen zaiola, “aurretik Hirigintzako eta eraikitako ondarea babesteko Plan Bereziaren berrikusketan aipatua izan ez delako”.