Donostiako AHTaren geltokia 2023ko bigarren erdialderako amaituta egongo da
Moyua, Comsa eta Cycasa enpresek osatutako Aldi Baterako Enpresa Elkarteak (ABEE) egingo ditu Norteko geltokia Donostiako AHTaren geltokia izateko beharrezko lanak, eta 80 milioi euroko aurrekontua izango dute.
Joan den asteko ostiralean Noticias de Gipuzkoa hedabideak argitaratutako informazioaren arabera, hilaren 20an aukeratu zuten Donostiako AHTaren geltokiko lanak egingo dituen ABEEa, Moyua, Comsa eta Cycasa enpresek osatutakoa, hain zuzen. Euskal Trenbide Sarearen (ETS) egoitzan egindako eskaintzen irekitzean egin zuten hautaketa. Hasiera batean lanek 97 milioi euroko (BEZa barne) aurrekontua bazuten ere, 80 milioi eurokoa izango da azkenean. Donostiako geltokia EAEko hiru hiriburuen artean adjudikatzen duten lehenengoa da, eta laster egingo dute lanen adjudikazio ofiziala.
Lan horien lehiaketa urtarrilean iragarri zuen Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Ekonomia Garapeneko kontseilariak. Jon Montero arkitektoak diseinatu du geltokia, eta Eusko Jaurlaritzak ordainduko du bere osotasunean.
Martxoaren amaieran aurreikusten dute lanekin hastea, edo, asko jota, apirilean. Proiektuak 42 hilabeteko epea du gauzatua izateko, beraz, 2023ko bigarren erdialderako bukatuta egongo da geltoki berria. Aurreikuspenen arabera, 2024ko urtarrilaren 1ean abiaraziko dute Euskal Y-a.
Norteko geltoki berria
AHTaren geltokia gaur egungo Norteko geltokian egongo da, baina hainbat aldaketa egin behar dituzte. Alde batetik, geltokiko trenbideak egokituko dituzte: bi nasa jarriko dituzte aldiriko trenentzat, eta hiru nasa distantzia luzeko eta abiadura handiko trenentzat. Lehenengoak geltokiaren alboetan egongo dira, eta besteak erdialdean. Trenbide berriak nazioarteko zabalerara ere egokituko dituzte.
Bestetik, geltokiaren gaur egungo eraikina ere egokitu behar dute, fatxada barrutik berreraikiz, bi solairu berri izan ditzan. Horrela, aldiriko trenetara kaletik heldu ahal izango da, gainontzekoetara beheko aldetik joan beharko den bitartean, igogailu batzuen bitartez. Beheko gune horretan, saltokiak egongo dira, eta geltokia Egiarekin konektatzeko pasabide bat ere jarriko dute.
Azkenik, trenbideen gainean 5.700 metro karratuko plaza ireki bat eraikiko dute. Frantzia pasealekutik plaza horretara heldu ahal izango da zortzi metroko aldapa baten bitartez, eta Tabakalerarekin lotura zuzena izango du.