Erre zituzten sorginak
‘Sorginak!’ erakusketa aurkeztu dute Okendo Kultur Etxean. Inkisizio garaian gertatutako feminizidioak gogora ekarri dituzte.
Arte diziplina oso ezberdinak aurkitu daitezke EmPoderArte elkarteak egindako erakusketa honetan: paretako obrak, olioak, akrilikoak, argazkigintza, ikus-entzunezkoak, eskulturak… Horietako batean, Marta Lage de la Rosa artistarenean, kristalezko plaka batean dagoen mezuak horrela dio: In memoriam mullieris. XV. eta XVIII. mende bitartean sorginkeria leporatuta 250.000 emakume jazarri, torturatu eta krudelkeriaz hil zituzten. 44 artista ezberdinen lanen bidez emakume horiek omendu nahi izan dituzte, eta horrela, jendea hausnarketara bultzatu ere bai.
Garrantzi handiko erakusketa izango da Pepa Santamaria EmPoderArte AIMAko presidentaren iritziz, gaurkotasuneko gaia tratatzen duelako: «Emakumeen aurkako erailketek erakusten dute markatuak izaten jarraitzen dugula».
Miren Atxaga artistak erakusketan parte hartu du, eta gogorarazi du jazarpen horrek oraindik ere jarraitzen duela: «Gaur egun ez gaituzte erretzen, baina oraindik hiltzen jarraitzen gaituzte».
Sorgina izatea leporatutako emakume horiek sistema kapitalista eta patriarkala jarraitu nahi ez zuten emakumeak zirela azaldu nahi izan dute. Arriskutzat jotzen zituzten, seme-alabak izan nahi zituzten ala ez erabakitzeko boterea zutelako batetik, eta medikuntza menperatzen zutelako bestetik.
Sara Beiztegi artista eta erakusketaren komisarioaren esanetan, sorgin hitza beti erabili izan da era negatiboan, emakumea deabru bihurtzeko, eta horri buelta ematea proposattzen du: «Sorgin izateak emakume ahaldundua izatea esan nahi badu, sorgin izaera hori aldarrikatuko dugu».
Marko kontzeptual berdinaren inguruan lan egin dute parte hartzaileek. Horretarako oinarrizko bibliografia bat hartu dute abiapuntu moduan: Silvia Federici ikerlariaren Caliban eta sorginak liburua irakurri zuten denek, eta hortik aurrera hasi ziren gaiaren inguruan hausnartzen.
Erakusketa Okendo kultur etxean egongo da ikusgai, apirilaren 17a arte, astelehenetik larunbatera goiz eta arratsaldez, hain zuzen.
Honen inguruan bisita gidatuak eta mahai inguru batzuk antolatu dituzte. Apirilaren 13an, esaterako, Pilar Careagak hitzaldia emango du 19:00etan, Caza de brujas 21.0 izenburupean.
Non. Okendo Kultur Etxea
Noiz. Otsailaren 21etik apirilaren 17a arte
Ordutegia. Astelehenetik ostiralera:
10:00-14:00 / 16:00-20:30
Larunbatetan:
10:00-14:00 / 16:30-20:30