"Grano bat behatzekin estutzen duzunean ateratzen dena: hori da Xolomo Gangsta"
Mortimer Fintxek, Harry Kozkorrek eta Jay Zipek osatzen dute Xolomo Gangsta, Ttan Ttakun Irratiko rap irratsaioa (nolabait definitzearren). Iaz, haien umorea uhinetatik Instagramera zabaltzeko ideia izan zuten, eta esan beharra dago, geroztik, egundoko arrakasta izan dutela sareetan. Hori bai, esan eta egiten dituztenak ikusita, ulergarria da hiruek argazkian aurpegiak estalita agertu nahi izatea. Gaueko ‘bermuta’ hartu dugu beraiekin.
Zergatik aukeratu duzue Bidea taberna elkarrizketarako?
Harry Kozkor (H.K.): Ttan Ttakun Irratia, gure txirula meeting point, hemen ondoan daukagu, eta irratsaioak egin aurretik taberna honetan elkartzen gara. Bezeroak ondo zaintzen dituzte.
Mortimer Fintx (M.F.): Gainera, terrazan, gordetzeko moduko esaldiak entzun daitezke beti.
H.K.: Gu beti gabiltza ‘belarria jartzen’. Gaurko esaldia, adibidez, futbolari bati buruz hitz egiten ari ziren tipo batzuek bota dute: “Hau errentaren aitorpena bezalakoa da, ez dakizu inoiz nola aterako zaizun”.
Elkarrizketa hau lotzea asko kostatu zait. Xolomoen agenda oso beteta dago?
H.K.: Gure planak erdi ustelak dira beti: edo norbait falta da edo baten bat berandu dator. Beti. Horregatik, zaila izaten da denok elkartzea. Zuk, ordea, zortea izan duzu, Ttan Ttakun festan ezagutu zintudalako. Gu dagoeneko zaharrak gara, eta jende berria ezagutzeko nahiko eszeptikoak izan ohi gara. Baina tipo majoa zarela iruditu zitzaidan. Bai, zortea izan duzu.
Eskerrak! Zuek ere jatorrak zarete. Orain Ttan Ttakunen egiten duzue irratsaioa, baina Xolomo Gangsta Info7n sortu zen, 2011n, ezta?
H.K.: Bai, Martin Garitano jaunak erabiltzen zuen kabina berean hasi ginen.
M.F.: Café y periódicos!
Jay Zip (J.Z.): Gelan mezutxoak uzten genizkion, post-it-ekin: “Aupa Martintxo!…” Hortik gutxira, ahaldun nagusi izendatu zuten.
Instagramen 16.000 jarraitzaile baino gehiago dituzue. Horietatik, zenbatek dakite Xolomo Gangsta, berez, irratsaio bat dela?
M.F.: Hogeik!
J.Z.: Gutxik, baina ez da izango jarri ez dugulako…
H.K.: Gure Instagrameko story-etan irratsaioko gauzak iragarri ohi ditugu, baina jendeak, orokorrean, ez du interesik horretan. Beste gauza batzuk nahiago dituzte.
J.Z.: Berez, irratiaren harira hasi ginen Instagramen gauzak jartzen, gonbidatuen argazkiekin eta abar.
M.F.: Publiko mota ezberdinak dira.
J.Z.: Bai, baina, gaur egun nork entzuten du irratia? Ez dakit. Guk, behintzat, irratsaioa Interneten ere jartzen dugu, podcasten kontua gero eta indar gehiago hartzen ari delako.
Nola azalduko zeniekete irratsaioa oraindik ezagutzen ez dutenei?
M.F.: Oso erraza: hip hopa eta txorakeriak. Besterik ez.
H.K.: Eta Aurum garagardoak.
J.Z.: Tximino bat daukagu Bartzelonan, irratsaioko gidoiak idazten.
M.F.: Eta entzuten diren puzkerrak ez dira soinu efektuak.
Ados…
H.K.: Laburbilduz, esango nuke lagunarteko bilera atsegin bat dela, baina mikrofonoak dituena. Eta irainik gabekoa, noski.
M.F.: Grano bat behatzekin indarrez estutzen duzunean ateratzen dena: hori da Xolomo Gangsta.
H.K.: Eta baita tabernako lehengo esaldia ere: “Xolomo Gangsta errentaren aitorpena bezalakoa da, ez dakizu inoiz nola aterako zaizun”.
Kalitatezko irratia, alegia.
M.F.: Irratsaioa ondo doanean ere, edozer gauzagatik, azken unean okertu egiten da beti. Adibidez, inoiz egin dugun saiorik onena, bi ordu ingurukoa, ez zen ezta eman ere.
J.Z.: Egia esan, dena desastre hutsa da. Egun batean mikrofonoak ez du funtzionatzen, bestean ez diogu grabatzeko botoiari eman, bestean ez du emititzen… Ttan Ttakun Irratia da; bere kabuz funtzionatzen du. Egian esan, Ttanttakun hurrengo maila batean dago. Lehenengo AM-a iritsi zen, gero FM-a, FM estereoa, podcastak, satelitea… Eta, ondoren, Ttan Ttakun Irratia.
H.K.: Bueno, garbi dagoena da Xolomo Gangstaren Instagramak izan duen arrakasta ez datorrela bat irratian egiten dugunarekin.
Baina zuek asmatutako hizkerak sekulako arrakasta izan du: ‘etxekoi’, ‘fully morangas’, ‘txirula’…
H.K.: 2009 inguruan hasi ginen horrekin. Behin, etxean fully morangas nengoela, Latinoamerikako cholo-en munduan sakontzen hasi nintzen, eta dokumentu bat idatzi nuen haiek erabiltzen zituzten hitzak euskarara itzuliz. Dena PDF batekin hasi zen, eta, geroztik, hitz horiek erabiltzen ibili gara: etxekoi, ordule, harakin, watxazak… Gero, irratsaioarekin hasi ginenean, dena euskaraz egin behar genuenez, berdin jarraitu genuen.
Zuen arteko broma gisa jaiotako hitz horiek orain Euskal Herri osoan zehar entzun daitezke, ordea.
H.K.: Hori, zalantzarik gabe, gure lorpenik handiena da.
J.Z.: Aurrekoan, Dabadabara gindoazela, sarreran zeuden tipo batzuei etxekoi hitza entzun genien. Agian ezagutu egin gintuztela pentsatu genuen, baina ez, beraien artean ari ziren.
M.F.: Nire kuadrillakoak ere hasi dira etxekoi esaten, baina ez niri entzun didatelako. Ez dakite nondik datorren ere, baina Instagrama duen jendeari entzun izan diotenez, beraiek ere erabiltzen hasi dira azkenean.
Zer nolako ekarpena da hori euskararentzat? Mesedea ala ostikada?
H.K.: Euskaltzaindiari egunero ematen dizkiogu ostikadak.
M.F.: Baina eman egin behar zaizkio!
J.Z.: Araudiari ez diogu kasu handirik egiten. Nahiago dugu kaleko hizkera.
Nola ikusten duzue euskal memegintzaren mundua?
M.F.: Euskal memegintza sekta bat da. 15 urteko kanpai jole batzuek osatzen dute, beraien artean lehiatzen direnak. Gainera, uste dute nolabaiteko moral bat dutela memegintzan zer egin daitekeen eta zer egin ezin den erabakitzeko.
H.K.: Esan izan digute ezin dela kopiatu. Nola ezin dela kopiatu? Baina, zer da hau? Kopiatu egiten dugula esaten digute, beste leku batzuetan topatutako memeak euskarara itzultzen ditugulako. Zer egin behar dugu, baina? Argazkia guk egin eta testua idatzi? Memeak egitea lapurtzea da.
M.F.: Internet da, joder.
Jarraitzaileez gain, etsaiak ere topatu dituzue, hortaz?
M.F.: Bueno, gu gara haien bila goazenak. Honekin hasi ginenetik, hater-en bila ibili gara. Azken finean, guk urte pila bat daramatzagu honetan. Sare sozialekin hasi baino lehenago ere, gu hater-ak ginen. Bueno, ez, troll-ak ginen. Anonimoki, gauza izugarriak egin ditugu. Ezin dituzu imajinatu ere egin.
H.K.: Graffitiari buruzko blogetan iruzkinak jartzen genituen, Doctor Txusticiero ezizenarekin. Eta brometan aritzen ginen arren, sekulakoak muntatzen ziren; baina sekulakoak, e? Eta orain mutiko bat etorriko zaigu mierdak esatera? Trapnaldo bat? Bai zera! Guk edozertaz egiten dugu barre, gutaz bereziki.
Parranda eta drogei buruzko memeek, batik bat, arrakasta handia dute zuenean, ezta?
M.F.: Jendeak argi utzi digu zer duen gustuko. Euskal memegintzan, broma guztiak politikoak edo historikoak ziren, eta guk nolabaiteko aire freskoa eman diogu kontuari, txiruleoa euskaraz ere egin daitekeelako. Hori bai, jartzen ditugun zenbait gauzekin lotsa pasa izan dut ere: “Joder, nire aitaginarrebak hau ikusiko du…”.
H.K.: Niri ere gertatu zitzaidan lantokian, lankide batek Xolomo Gangstakoa naizela aipatu zidanean. Eta nik: ”Ezazu asko zabaldu, mesedez”.
M.F.: Eta segidan: “Zenbat gramo nahi dituzu?”.
H.K.: Ez da aurpegia emateko moduko zerbait, ez… Nahiago dugu itzala.
Lan handia da ia egunero memeak sortzea?
H.K.: Iraila aldean hasi nintzen memeen ekoizpenarekin, eta esan dezaket, geroztik, denbora pila bat eskaini diodala horri. Hasierako helburua 15.000 jarraitzailetara iristea zen, eta hortik aurrera pistoia jaistea.
M.F.: Esan beharra dago, ordea, Xolomo Gangstaren produkturik onenak ez direla memeak, bikoiztutako bideoak baizik. Eta hori oraindik esplotatu gabe dago.
H.K.: Bai. Gehienak soilik gure artean geratu dira, baina denborarekin material pila bat sortu dugu, eta pepino bat dira. Ikusiko dugu horrekin zer egin.
Argi dago nolabaiteko talentu bat duzuela.
H.K.: Bizitako gauzak memeetan islatzea da gakoa, eta, zentzu horretan, txiruleoan urteetako abantaila ateratzen diegu gainerako guztiei. Guk horrela ikusten dugu.
HAMABIETAN BERMUTA. Garagardo tostatua.
Non. Bidea (Egia).
Prezioa: 3 euro.