Merkataritza txikiaren aldeko kanpaina egin dute Grosen
Groseko hainbat saltoki ari dira Argitu Gros kanpainan parte hartzen, eta ostegunean, hilaren 27an, kanpainako bonbillak piztu zituzten euren erakusleihoetan, auzoko merkataritza txikia zaindu behar dela aldarrikatzeko. Izan ere, herritarren gastua hiriko beste zonalde batzuetara, merkataritza gune handietara edo Internet bidezko erosketetara joaten ari dela sumatu dute, eta horrekin kezkatuta daude merkatariak. Horregatik, merkataritza txikiak auzoari bizitza ematen diola aldarrikatuz, betiko saltokien aldeko kanpaina argitsua egiten ari dira.
Kanpaina dGros merkataritza elkarteak abiarazi zuen iazko azaroan, Groseko 70 saltoki ingurutan bonbilladun egurrezko kaxa batzuk banatuz. Groseko Merkatarien Elkargoa desagertu ondoren sortu zen 2019ko otsailean dGros, Gipuzkoako Merkataritza Federazioaren baitan.