Meteorologiaren ateak ireki zituen emakumea
Felisa Martin Bravo donostiarra Fisikan doktorea eta meteorologoa izatea lortu zuen Euskal Herriko lehen emakumea izan zen; baita estatukoa ere. 1937an, Igeldoko behatokiaren zuzendari izendatu zuten.
Ordura arte soilik gizonena izan zen munduan bere bidea egin nahi izan zuen Felisa Martin Bravok. XIX. mendearen amaieran Amaran jaiotako donostiar honek gaztetatik izan zuen zientziarekiko ikusmina, eta 1920an, soilik 20 urte zituela, Madrilerako bidaia egin zuen, unibertsitatean Fisika Zientziak ikasteko. Bada, hortik sei urtera, Espainiako estatuan Fisika doktore izendatua izatea lortu zuen lehen emakumea bilakatu zen, kristalografiari buruz eginiko ikerketa bati esker. Hura ez zen, baina, emakume aitzindari honek zabalduko zuen ate bakarra. Izan ere, 1929an, Meteorologiako Estatu Zerbitzuko lehen emakumea ere bilakatu zen, horretarako oposaketak gainditu ostean.
Lana izan arren, Martinek ikerketak egiten jarraitu zuen, ordea, eta 1932an jasotako beka bati esker, Cambridgeko Unibertsitatera (Erresuma Batua) joatea lortu zuen. Han zegoela, Charles Thomson Rees Wilson Fisikako nobel sariarekin zundaketa atmosferikoak egiteko sistemak aztertzeko aukera izan zuen.
Cambridgetik bueltan, meteorologia zerbitzura batu zen berriro ere, baina 1936ko gerraren ondorioz, erakunde hura bitan banatu zen. Hortik aurrera, Martinek bando errepublikanoarekin jarraitu zuen lanean, 1937an bere postua utzi eta Donostiara bueltatzea erabaki zuen arte.
Urte horretan, Igeldoko begiratokia zuzendari gabe gelditu zen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak postu hori Martini eskaintzea erabaki zuen. Begiratokiaren zuzendari gisa aritu zen hiru urteetan zehar, meteorologoak galernen ikerketan oinarritu zuen bere jarduna, eta denbora horretan, Karlos Santamaria matematikari eta euskaltzalearen lagun mina bilakatu zen. Hain zuzen, begiratokiaren zuzendaritza utzi eta Madrilera bueltatu aurretik, bere postua Santamariari eskaini ziezaiotela eskatu omen zuen.
Hortik aurrera, Martinek meteorologia zerbitzuan jarraitu zuen lanean, erretiroa hartu zuen arte. Bere ibilbide profesionalaren azken zati horretan, elektrizitate atmosferikoaren arloan sakondu zuen, horri buruzko hainbat lan argitaratuz. 1979an zendu zen, Madrilen, eta ia 30 urte beranduago, Donostiako Udalak bere izena jarri zion Txomiñeneko kale bati.