Akordio batekin itxi dute Mikel Arzaken kasua, Urgulleko haitz batek jota, Pasealeku Berrian hildako gaztea
Gertakaritik ia zazpi urte pasa direnean, Mikel Arzaken heriotzaren kasua itxi egin dute epaiketarik gabe, bi aldeen arteko akordio bat eginez. Horrela, erantzukizun zibila dela eta, Donostiako Udalak 200.000 euroko ordainsaria eman beharko dio Arzaken familiari, eta lau udal teknikari absolbitu dituzte. Era berean, beste bi udal teknikarik zigor txikiak jaso dituzte: 900 euroko isuna batek, arduragabetasun delitu batengatik eta sei hilabeteko kartzela zigorra besteak, hain zuzen. Horretaz gain, auzipetuen aurka zeuden gaitasungabetze eskakizunak ere bertan behera utzi dituzte.
2013ko abuztuaren 7ko arratsaldean jazo zen ezbeharra, Pasealeku Berrira ematen duen Urgull mendiko magalean luizien aurkako neurriak hartzeko lanak egiten ari zirenean. Hori dela eta, hainbat harri erori ziren Urgulletik Pasealeku Berrira, horietako batek gaztea buruan jo zuelarik. Donostiako Udalak ez du adierazpenik egin, baina azaldu dute berri on bat dela bi aldeen arteko akordio batera heldu izana, horrela epaiketa saihestuz.