Altzako kiroldegiko langileentzako baldintza duinak eskatu dituzte auzoko inauterietan
Inauteriak direla eta, Altzako hainbat bizilagunek protesta xelebrea egin dute auzoko kiroldegiaren obran, hango langileentzako baldintza duinak aldarrikatu eta azpiegitura behingoz amaitu dadila eskatzeko. Langilez eta toxikologoz jantzita, agerraldia egin dute obraren sarreran, musikaz lagundurik.
IRUTXULOKO HITZAk obra horretan emandako iruzurrari eta langileek baldintza kaskarrei buruzko erreportajea argitaratu zuen otsailean. Bada, ekintzaile mozorrotuek ehun sinadura baino gehiago bildu dituzte orain eraikuntzaren arduradunei lan baldintza duinak exijitzeko: “Lanak etengabe gelditzen direla ikusten ari gara, neurri handi batean lan baldintza penagarriak direla eta”.
Gainera, udalak kiroldegia 2021erako zabalik egongo zela esan zuela gogoratu dute: “Agindutakoa betetzea espero dugu, 2021eko udaran kiroldegi egoki bat izan dezagun. Bestela, Altzako herriak kalera atera beharko du zuen hitz-emateak bete ditzazuela exijitzeko”.