Zaborren kudeaketa alternatibo bat aldarrikatu du Larreko Mahaiak
Larreko mahaiak larunbatean eginiko manifestazioak milaka pertsona bildu zituen Donostian, Zubietako erraustegia piztearen aurka daudela adierazi eta zaborren kudeaketarako sistema alternatibo bat eskatzeko: “Kezkatuta gaude, erraustegiaren ondorio ekonomikoak, ekologikoak eta osasunezkoak guk geuk pairatuko ditugula argi geratu delako”.
Martxa Easo plazatik abiatu zuten, “Osasuna, ekonomia eta klimagatik, ez erre etorkizuna!” zioen pankartarekin, eta Bulebarrera bitarte eginiko ibilbidean, lurraldeko hainbat eragiletako kideek egin zuten bat protestarekin. Besteak beste, hor izan ziren Erraustegiaren Aurkako Mugimendua, GuraSOS eta Ernai, eta baita LAB, ELA eta CCOO sindikatuak ere.
Manifestazio amaierako hitzartzea Zaldibarko zabortegian gertatutakoa gogora ekarriz hasi zuten: “Hiru aste eta bi egun igaro dira dagoeneko Zaldibarko hondamendiaz geroztik eta oraindik ere erantzukizun eta aterabide argirik ikusi gabe jarraitzen dugu. Gure elkartasun osoa beraz, Joakin eta Albertoren senideei. Zaldibar eta inguruetako bizilagun guztiei”.
Erraustegiari dagokionez, berriz, “publikoa, gardena eta kontrol zorrotzekoa” izango litzatekeen hondakinen kudeaketa publiko bat eskatu dute Larreko Mahaia osatzen duten eragileek, herritarren segurtasuna eta osasuna bermatzeaz gain, ingurumenaren zaintza ere helburu izango lukeena.
Zubietan laster behin betiko piztu nahi duten azpiegiturak, ordea, klima larrialdia areagotu eta inguruko herritarren bizitza arriskuan jarriko lukeela uste dute: “Instituzio publikoak erantzukizuna eta paper aktiboa hartu beharrean, larrialdi klimatiko egoera izendatu eta berau areagotzen ari direlako. Eta nola ez, zaborren negozioa eta pribatizazio masiboek eskubideak eta osasuna kentzen digutelako”.