Hainbat jarduera egingo dituzte Egiako feministek, martxoaren 8aren harira
Egian ere prest daude martxoaren 8ko mobilizazio feministetarako, eta hainbat jarduera antolatu dituzte Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan. Ostiralean, martxoaren 6an, hasiko dira jarduerekin, eta Bortxatzailea zara zu performancea egingo dute epaitegien aurrean, 18:30ean, Chile Desperto taldearekin batera. Ondoren, Egiako feministen argazki erraldoia egingo dute, eta kalejiran abiatuko dira Plaza Haundira. Eguna amaitzeko, auzo apainketa herrikoia eta besoko ikastaroa (etxetik eramandako oihal zatiekin) egingo dituzte Plaza Haundin bertan, 20:00etan.
Martxoaren 8an bi zutabe aterako dira Plaza Haunditik Erdialdera: 11:15ean lehenengoa, Alderdi Ederreko mobilizaziora, eta 17:30ean, Bulebarreko mobilizaziora. Azkenik, asteazkenean, martxoaren 11ean, Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa dokumentala proiektatuko dute Egia Kultur Etxean, Egia Bizirik auzo elkartearekin elkarlanean.