'Milaka eskuren isilpeko lana' aurkeztu dute San Telmon
San Telmo museoak eta SOS Arrazakeria Gipuzkoak atzerritik etorritako emakume langileen errealitatea erakutsi nahi dute, erakusketa eta jarduera batzuen bidez. Martxoaren 4tik maiatzaren 10era bitartean egongo da ikusgai.
San Telmo Museoko Laborategian Milaka eskuren lana erakusketa antolatu dute, Gipuzkoako SOS Arrazakeriako Emakume Migratzaile Langileen taldearen istorioak, bizipenak eta aldarrikapenak jasotzen dituena. Joseba Bontiguiren argazkilaritza proiektuaren bidez ikusleak errealitate sozial honi aurrez aurre begiratzea du helburu erakusketak.
2019an argitaratutako Jatorri Atzerritarreko Emakume Etxeko Langileak; egoera sozio-laborala eta zainketen arloko diskriminazioa txostenaren ondorioz sortu da lana. Izan ere, “ekarpen berri bat izan zen lurraldean lan egiten duten atzerritar jatorrizko etxeko langileek jasaten dituzten abusuzko lan-egoerak eta diskriminazioa salatzeko”.
Erakusketa hiru esparrutan banatuta egongo da: lehenengoan haien eskuak eta lan tresnak lehen planoan agertzen dira, emakumeen aurpegiak fokuz kanpo dauden bitartean; bigarrenean, etxeko langileen eguneroko elementuetara (objektuak, dokumentuak, agertokiak, testigantzak…) gerturatzen da; eta azkenean erretratu galeria dago.
Gipuzkoako SOS Arrazakeriako Emakume Migratzaile Langileen taldeak inplikazio aktiboa izan du erakusketaren prestaketan, eta hainbat jardueraren bidez ere erakusketaren espazioa bera kolektibo hori osatzen duten emakumeen topagune bihurtuko da. Topaketa horietatik material berria sortuko da, eta erakusketak zabalik jarraitzen duen bitartean txertatuko dira. Horrez gain, aretoko gune bat ere estudio bilakatuko da, eta hor sortutako piezak ere erakusketan txertatuko dira.
Joseba Bontigui argazkilariaren esanetan, “erakusketa bisitatzen duenak emakume horien indarra eta boterea ezagutuko du, inguruan duten mundua, non emakumeak diren sostengatzaileak. Horrela, prozesuaren amaieran, ezaugarri diskriminatzaileak publikoak bere kabuz deskubrituko dituen ezaugarri positibo, partikular eta aberasgarri bihurtzea lortuko dugu”.