Pausorik garrantzitsuena ematea falta da
Realak Kopako finalerdiko partida erabakigarria jokatuko du gaur, 21:00etan, Miranda Ebroko Anduva zelaian.
Realak Sevillako finalera iristeko azken oztopoa gainditu beharko du gaur Miranda Ebron. Imanol Alguacilen taldeak Kopako finalerdiko bigarren partida jokatuko du 21:00etan, Mirandesen aurka, Anduva zelaian.
Donostiarrak faborito gisa helduko dira neurketara, Anoetako partidan 2-1eko emaitza lortu ostean. Gainera, taldea sasoi ezin hobean dago, eta Alexander Isak aurrelariak Kopako golegile gisa egin du salto zelaira, txapelketan zehar lorturiko zazpi golei esker.
Aurrez aurre izango dutena ez da, baina, aurkari erraza izango. Finalerdira iritsi aurretik, Mirandesek lehen mailako hiru talde kanporatu ditu, Celta, Sevilla eta Villarreal, eta Donostian jokatutako norgehiagokan argi utzi zuten Realari ere arrisku egoerak sortzeko oso gai direla.
Donostiarrek, euren partetik, titulu berri bat lortzeko itxaropenez dauden milaka zaleren babesa izango dute, bai Gipuzkoan eta bai Anduvan bertan. Izan ere, gaur 3.000 zale txuri-urdin baino gehiago elkartuko dira Miranda Ebron, Realaren historiaren parte izan daitekeen norgehiagoka gertutik bizitzeko.