Urgullek saneamendu sare berria eta beste komun bat izango ditu udazkenerako
Tokiko Gobernu Batzordeak Urgull mendiaren saneamendu sarea berritzeko obraren kontratazio espedientea onartu du. 1.023.911 euroko aurrekontua izango duen proiektu honen helburu nagusia mendiaren kanalizazioa hobetzea da, orain duena zaharra eta eskasa delako.
Joan den udaran, Eguzki elkarte ekologistak salatu zuen tabernaren ondoko komuneko ur beltzak mendira isurtzen zirela, eta arazoa aspaldikoa zela nabarmendu zuen. Izan ere, saneamendu sare bat baino, Urgullek hobi septikoen sare bat izan du orain arte, horrek ingurumenarentzat ekar ditzakeen arriskuekin.
Saneamendu sare berriarekin, berriz, arazo horiekin amaitu eta mendian biltzen den jendetzari erantzuteko moduko sistema bat eskaintzea bilatuko du udalak. Horretarako, Mota gazteluko, Natur Txokoko eta bolborategiko taberna hiriko saneamendu sarearekin lotuko dituzte, sei hilabeteko epean.
Horrekin batera, bolborategi gaineko iturriaren inguruan, bakarrik garbitzen den komun berri bat eraikiko dute, eta Eneko Goia alkateak adierazi duenez, udararako erabilgarria izango da agian: «Denboraz estu gabiltza, baian uztailerako iristen saiatuko gara».
Hornidura hobea
Aipatutako berrikuntzez gain, udalak Mota gazteluaren ur eta elektrizitate hornidurak hobetzea aurreikusi du proiektuan. Urari dagokionez, presioa areagotuko duen bultzada-sistema bat sortuko dute, eraikineko 300 litroko ur-depositu bat baliatuz. Horri esker, inguruko komunetako zerbitzua hobetu ahal izango dute.
Bestetik, gazteluaren potentzia elektrikoa areagotu egingo dute, horko museoan aire girotua jarri ahal izateko. Gainera, mendiko argiztapena hobetuko dute, eta Urgulleko harresiak berreskuratzeko obra egiten ari diren zonaldetako argi apaingarrien sarea berritu egingo da.