Bi hilabetean 20 saltoki txiki itxi dituztela salatu du Ba Gera elkarteak
Kontsumitzaileei eta instituzioei dei egin diete, "egoera kezkagarri" honi aurre egiteko.
Urtarrila eta otsaila bitartean hogei establezimenduren itxiera egiaztatu ditu Ba Gera komertzio elkarteak, Donostiako auzo ezberdinetan. Hiri osoari eragiten dion arazoa dela salatu dute.
Amaran (Sagardia altzari denda), Loiolan (Olasagasti burdindegia ), Antiguan (Bronte optika eta Kbyos ile apaindegia), Erdialdean (Luís Díaz perfumeria, Lucas janari denda eta Aguirre kafetegia), Grosen (AER, Carmen zapata denda, Edolo, Errota belardenda, Lotus, Montmarte, Morenru eta Yaiza) eta Parte Zaharrean (Izar gozotegia, La Pelitxata, Rekalde taberna eta La Cueva) izan dira itxiera horiek. Egoera larritzekoa dela aipatu dute, eta Groseko kasua azpimarratu dute bereziki, itxiera gehien egon den auzoa izan delako.
Ohar baten bidez azaldu dutenez, kontsumitzaileak kontzientziatu nahi dituzte haien erosketek duten eraginari buruz: “Erosketak ‘market places’-etan eta egoitza soziala gure lurraldetik kanpo duten enpresetan egiteak, zerga bidezko errekurtsoen galera dakar, ez dira gure hiri eta probintzian biltzen, eta ezin dira hauen hobekuntzarako berriro erabili”.
Bestealde, instituzioei esku hartzeko eskatu diete, eta plan estrategiko baten beharra azpimarratu dute, “saltoki txikien aldeko apustua egiten duen hiri eredua” bermatuko duena.