Denontzat Race oztopo lasterketa egingo dute Donostian
Denontzat Race Donostiako lehenengo oztopo lasterketa aurkeztu dute goizean udaletxean, Martin Ibabe Kirol zinegotziak, Igor Etxeberria Bera Berako gerenteak eta Ismael Mateo eta Asier Landart Denontzat gimnasioetako kudeatzaileek. Bera Bera Kirol Elkarteko errugbi atalak eta Irungo eta Hernaniko Denontzat gimnasioek antolatu dute lasterketa, udalarekin lankidetzan. I. OCR Euskadi Txapelketaren barruan egongo da Donostiako proba, eta maiatzaren 16an izango da, 15:30etik aurrera.
Hamar kilometro izango ditu lasterketak, irteera eta helmuga Saguesen izango dituelarik. Pasealeku Berritik igaroko da, Urgull mendia igo eta jaitsi, kaitik eta Kontxako hondartzatik pasa, eta abar. Mota guztietako 25 oztopo egongo dira ibilbide guztian zehar: indarrezkoak, trebetasunezkoak, bustitzekoak, erresistentziakoak eta herri kirolak, besteak beste.
Antolatzaileek 1.000 pertsonak parte hartzea aurreikusi dute, eta oztopo lasterketetan espezializatuak dauden kirolariak egongo dira, baina baita kirolari herrikoiak ere. Hain zuzen, bi kategoriatan banatuko dituzte parte hartzaileak: lehiakorra eta herrikoia. Lehenengoa garaipena lortu nahi dutenentzat izango da, eta banaka zein taldeka ahal izango da parte hartu, adinaren arabera banatutako talde mistoetan. Kategoria herrikoia, aldiz, erlaxatuagoa izango da.
Lasterketaren egunean, korrikalariak hainbat pertsonako taldetan aterako dira hamar minutuan behin, eta parte hartzaileak zortzi edo hamar irteeratan banatzea aurreikusi dute antolatzaileek. Beraz, probak hiru ordu eta erdiko iraupena izango du guztira, lehenengo korrikalariak ateratzen direnetik azkenak helmugara heltzen diren arte. Izena emateko edo informazio gehiago lortzeko, denontzatracedonostia@gmail.com helbidera idatzi daiteke, edo lasterketaren webgunean sartu.