IRUTXULOKO HITZAk astekari berritua izango du ostiralean
IRUTXULOKO HITZAk diseinu berria estreinatuko du ostiralean. Gainera, otsailaren 17an hamabost urte bete zituen Donostiako hedabideak, eta horregatik, astekari berezia izango da martxoaren 6koa.
Diseinu berria estreinatuko du IRUTXULOKO HITZAren astekariak bihar, martxoaren 6an: zabalagoa izango da eta paper hobea izango du. Koloretsuagoa, hiru zentimetro zabalagoa eta gozagarriagoa izango da, eta irakurleek askoz errazago eta gusturako irakurriko dituzte astekariko edukiak.
Otsailaren 17an hamabost urte bete zituen Donostiako hedabideak. Horregatik, astekari berezia argitaratuko dugu ostiralean, non gaurkotasunari lotutako zatia martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruan arituko den, eta zati bereziak urte horietan guztietan hedabideak izan duen bilakaera jasoko duen. Hartu hitza izango da urteurreneko leloa, eta urrian festa handi bat egingo du hedabide honek urteurrena ospatzeko. Horretaz gain, urtean zehar egitasmo honen parte izan direnak elkarrizketatuko ditugu, haiek gogoan izateko.
Hori gutxi balitz, atal berri batekin dator martxoaren 6ko astekaria: Kalean gora kalean behera. Atal horretan, Donostiako auzo eta kaleak ezagutuko ditugu, kale bakoitzeko bizilagun, dendari edo tabernariak elkarrizketatuz. Kale horretako berezitasunen eta harekin duten loturaren inguruan galdetuko diegu elkarrizketatuei. Berria egunkarian ere gure berritasunak jaso dituzte, Urtzi Urkizu kazetariak egindako erreportajearen bitartez.