Bakarrik ezin da, kideekin bai
Martxoaren 8a hemen da berriro, eta Euskal Herriko feministek greba egingo ez duten arren, kaleak aldarrikapenez betetzeko deia egin dute.
Asteburu honetan ere protesta egitera aterako dira zaintza lanetan aritzen diren emakume asko. Hain zuzen, horietako batzuk euren sektorearen prekarietateari aurre egiteko greba eta borroketan murgilduta daude edo egon dira azken hilabeteetan: Gipuzkoako erresidentzietako langileak, Hezkuntza Saileko garbitzaile azpikontratuak, etxeko langile migratzaileak eta Donostiako Udaleko etxez etxeko zerbitzuko langileak.
Honela dio Euskal Herriko mugimendu feministak 2020ko Emakumeen Nazioarteko Egunerako aukeratutako leloak: Antolatu indarrak eta batu borroka feministara!. Aurten, ez dute grebara deitu, baina jakinarazi dute martxoaren 8a «borroka eguna» izango dela. Azken urteetan, mugimendu feministak mobilizazio gaitasunerako ahalmen handia erakutsi du, eta indar hori «antolatzeko» beharra nabarmendu dute azken hilabeteetan. Hortaz, aurtengo mobilizazioen leloak azaltzen duen moduan, mugimendu feministak borroka feministara batzeko deia egin du, bizitza erdigunean jarri eta kapitalaren logikari gudua irabazteko.
Aurtengo martxoaren 8ak motxilan dakartza aurreko greba feministak, baita urtarrilaren 30eko greba orokorra eta azaroan Durangon egindako Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak ere. Horietan, feministek «gogoeta egiteko, indarrak metatzeko eta estrategia berriak pentsatzeko» aukera izan zuten, baita egungo feminismoek dituzten erronkak identifikatu eta aztertzeko ere. Hain zuzen, 2018ko eta 2019ko greba feministen lorpenetako bat izan zen emakumeek egiten dituzten soldatarik gabeko eta soldatapeko zaintza lan ikusezinak mahai gainean jartzea, eta zaintza sistemaren krisia eragiten dutenei maskara kentzea.
Zaintzaren erronka
Bilakaera demografikoak eragingo dituen beharrei aurre egitea izango da gure herriak datozen hamarkadetan izango duen arazo nagusietako bat, eta horrek beharrezkoa bihurtzen du zaintza sistemaren inguruko hausnarketa bat. Eustaten datuek etorkizuneko agertokia ikusarazteko aukera ematen dute, eta erakusten dute inoiz ezagutu gabeko alderantzizko piramide bat: pertsona gehienak adin nagusikoak izango dira, eta gutxiengoak umeak eta gazteak. Esaterako, 2031n 16 urtetik beherako biztanleria 1970eko hamarkadan zenaren erdia izango da, eta gaur egun baino %12 gutxiago. Beste muturrean, 65 urtetik gorako biztanleria dago: %32 gehiago izango da, hau da, gaur egungo 465.000 pertsona izatetik 616.000 izatera igaroko da.
Donostiako Udalak 2018an jasotako datuek ere panorama bera iragartzen dute gure hiriarentzat: 187.418 biztanlerekin itxi zuen 2018.urtea, eta datuok adierazten dute biztanle kopurua handitzen ari dela, baita batez besteko adinak eta zahartze tasak ere. Hain zuzen, batez bestekoari dagokionez, donostiarren %23,94k 65 urte baino gehiago zuten 2018an, eta aldiz, %21,71k 25 urte baino gutxiago.
Trantsizio demografiko horrek hainbat eztabaidagai atera ditu argitara, esaterako, jaiotza-tasa nola igo eta familia plangintzako politikak. Datu horiek, halaber, agerian uzten dute zaintza lanen beharra eta gizarteak horrekiko duen erronka. Historikoki, trukean soldatarik jaso gabe emakumeek egin izan dituzte bizitza sostengatzeko beharrezkoak diren lan horiek, eta duela hamarkada batzuk, lan mundura salto egitearekin batera, lan horiek emakumeen gain jarraitu dute, baldintza prekarioetan eta inongo aitortzarik gabe.
Borrokarik gabe, etorkizunik ez
Pertsona orok du zaintzaren beharra, eta zaintza eta garbiketako sektoreetako emakume langileek argi dute hori. Euren lanaren aitortza da eta izan da haien aldarrikapenetako bat, dituzten lan baldintzak hobetzeko egindako eta egiten ari diren borroketan. Azken hilabeteetan, arlo horietako emakume askoren borrokak pil-pilean daude, eta horietako askok grebara jo dute euren helburuak lortzeko.
Horren adibide dira Gipuzkoako erresidentzietako langileak, Hezkuntza Saileko garbitzaileak, eta Donostiako Udaleko etxez etxeko zerbitzuko langileak; etxeko langile migratzaileak ere antolatzen ari dira, eta SOS Arrazakeriaren aterkipean, sektoreko langileen talde bat sortu dute. Kolektibo bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta bakoitza bere bidea egiten ari da, baina denek dituzte hainbat ezaugarri komun, besteak beste, sektore feminizatuetan lan egitea, kolektiboaren ia osoa emakumez osatuta egotea, eta lan baldintza prekarioetan lan egitea.
ELA sindikatuaren datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 26.000 langile daude garbikuntzako sektorean: 22.000k eraikin eta lokalen garbikuntzan dihardute, eta %80 emakumezkoak dira. Beste 4.000 langileak kaleko garbitzaileak dira, eta %76 gizonezkoak dira. Jarduerari dagokion lurraldeko hitzarmenaren arabera, ematen den soldata arrakala %43 eta %32koa da kaleko garbitzaileen soldata baxuenarekin alderatuz. Desberdinkeria horri aurre egiteko helburuarekin, 280 greba egun egin zituzten Gipuzkoako epaitegi eta polizia-etxeetako garbitzaileek, 2019ko irailetik ekainera.
Joan den astelehenean, berriz, Hezkuntza Saileko eta EHUko eraikinetako garbitzaile azpikontratatuek bost asteko greba hasi zuten. Besteak beste, salatu dute langile horiei %13 gutxiago ordaintzen dietela Eusko Jaurlaritzak zuzenean kontratatutakoei baino. Idoia Iñurrategi (Eskoriatza, 1969) Bergarako Ipintza institutuko garbitzailea da, eta azaldu du bost urte direla azpikontratatutako garbitzaileen lan baldintzak arautzen dituen hitzarmen kolektiboa negoziatzen hasi zirenetik: «97 bilera egon dira patronalarekin, inongo emaitzarik gabe. Enpresek negoziazio mahaira joateari utzi diote eta erakunde publikoek beste alde batera begiratzen dute».
Lan berdina, soldata berdina leloak laburbiltzen du garbitzaileen aldarrikapen nagusia, baina beste eskaera batzuk ere jarri dituzte mahai gainean: «Azpikontratatutako langileen %40k lanaldi partzialak ditugu, eta, beraz, soldata partzialak», azaldu du Iñurrategik. Gainera, lan kargak ere Eusko Jaurlaritzak kontratatutakoenak baino handiagoak direla salatu dute. Honela azaldu du Eskoriatzakoak: «Haiek 1.240 metroko azalera garbitzea lortu duten bitartean, guk 2.500 eta 2.800 metro inguru garbitzen ditugu egunero». Egiten duten lan motagatik ere gaitz zehatz batzuk pairatzen dituzte garbitzaileek, eta horiek aitortzea eskatzen dute: karpoko tunela, epikondilitisa, tendinitisa sorbaldan, antsietatea, eta abar.
Hain zuzen, zaintza lanetan dabiltzan emakume askok pairatzen dituzte horrelako gaitzak, esaterako, pertsona nagusien zaintzan aritzen diren langileek. Pili Larrañagak (Azkoitia, 1962) hogei urte daramatza sektore horretan lanean, eta kontatu du egiten duten lan zehatzagatik kalte fisikoak izaten dituzten arren, ez dizkietela dagozkien moduan aitortzen. «Batzuetan gure pisuaren bikoitza duten pertsonak artatu behar ditugu. Ohetik jaiki behar ditugu, eta askotan ez daude horretarako baliabide egokiak; asko leban altxatu behar izaten ditugu», azaldu du. Larrañaga Donostiako Udaleko etxez etxeko zerbitzuko langilea da, eta bere sektoreko langileek iaz egindako grebari buruz hitz egin du. 2019ko irailean eta urrian hainbat greba egun solte egin zituzten, eta urriaren 22tik aurrera greba mugagabea hasi zuten; azaroaren 8an langileen bozketa baten ondoren greba etetea erabaki zuten.
Erakundeen ardura eta azpikontratazioa
Udaleko etxez etxeko langileen grebaren eskaeretako bat zerbitzuen arteko joan-etorriak lan orduen barruan sartzea zen: «Lehen ez zituzten kontutan hartzen, eta gaur egun hiru minutuko desplazamendua kontatzen digute zerbitzu bakoitzaren artean; normalean, bost eta 30 minutu artekoa izaten da», azaldu du Larrañagak. Bere ustez, grebaren ondorioz lortutako lorpen bat da hori.
Zaintza sektoreetako zerbitzu publiko asko azpikontratazioaren bitartez kudeatzen dituzte erakunde publikoek, eta horren adibidea da Donostiako Udalak eskaintzen duen etxez etxeko zaintza zerbitzua. Larrañagaren ustez, azpikontratazioak eragin zuzena du langileen lan baldintzetan, baita haiek eskaintzen duten zerbitzuan ere. Gainera, gogor kritikatu du esleipenak lortzen dituzten enpresa batzuen jarrera: «enpresek maiz urratzen dituzte hitzarmenak, eta langileen beldurrekin eta borondate onarekin jolasten dute».
Negozioa, zaintzaren kontura
Gipuzkoako erresidentzietako langileek 235 egun daramatzate greban, eta Feli Velazquez eta Ana Saste langileek bat egiten dute Larrañagarekin: «Sektorea merkantilizatzen ari da, eta pribatizazioak eta azpikontratazioak eragin negatiboak ditu», esan du Sastrek. Velazquezen ustez, zerbitzu horien azpikontratazioa «negozio biribila» da batzuentzat. Gainera, salatu dute erakunde publikoen esleipenetan agintariekiko kidetasuna duten enpresek pribilegioak dituztela.
Hortaz, sektoreen prekarietatearen erantzuletzat dituzte azpikontratatutako enpresak, baita erakunde publikoak ere: «Erakunde publikoek zehazten dituzte baldintza-agiriak, eta haiek murrizketak egiten badituzte, badakite guk pairatuko ditugula ondorioak. Inplikazioa eskatzen diegu», aldarrikatu du Iñurrategik. Erresidentzietako langileen kasuan, Gipuzkoako Foru Aldundia jotzen dute langileen eta egoiliarren ongizatearen «erantzule zuzentzat».
Sastre eta Velazkezentzat, zaintza sektoreetan gertatzen diren lan gatazketako gakoetako bat da sektore feminizatuak izatea. «Gure sektoreek ez dute ezer produzitzen, eta horregatik gaude beti bigarren maila batean. Beste sektore maskulinizatu batzuetako lan gatazkak ez dituzte horrenbeste luzatzen uzten», adierazi du haserre Velazquezek.
Zatitu eta menderatu
Sektore feminizatuak izateaz gain, migratzaileak diren emakume langile kopurua oso altua da arlo horietan, eta horrek prekarietatea nabarmen areagotzen du. Etxeko langileen sektorean, esaterako, emakume langile migratzaileen kopurua oso altua da, eta asko oso egoera zaurgarrian daude. Jenny Choquetopa (Bolivia, 1994) 2017. urtean iritsi zen Euskal Herrira, eta ordutik, etxeko lanen sektorean lan egin du, bere amak egin bezala: «Kondena moduko bat da, nahi izan arren, oso zaila izaten da beste sektore batzuetan lan egitea», azaldu du Boliviakoak. Gaur egun, SOS Arrazakerian dabil lanean, eta elkartearen barruan antolatu duten etxeko langileen taldeko parte da. Hala ere, nabarmendu du iritsi eta lehenengo urteetan ez zuela aukerarik izaten horrelako espazioetan parte hartzeko: «Gutako asko oso bakartuta egoten gara, eta horrek zaildu egiten du gure eskubideen ezagutza izateko orduan».
Choquetopak azaldu du bere sektoreko langile askok ahoz-aho aurkitzen dutela lana, eta zaila izan arren, elkarren arteko sareak sortzeko saiakerak egiten dituztela: «Gutako asko esplotazio egoeran daude, eta eguneko ordu asko lan egiten duten etxean pasatzen dituzte; zer esanik ez barneko langileek», kritikatu du. Hori gutxi balitz, eskubideen inguruko ezjakintasuna egoteaz gain, legediak eta lan-hitzarmenek ere albo batera uzten dituzte etxeko langileak. Kolektibo horren aldarrikapenetako batzuk dira honakoak: lan egiten dituzten ordu guztiak kontabilizatu eta ordaintzea, errealitatean lan egindakoagatik kotizatzea, langabezia kobratzeko eskubidea izatea, eta abar. Gainera, kolektibo honetako emakume langileek, eraso sexista eta arrazista ugari jasaten dituztela salatu dute: «Askoren egoera legala ezegonkorra denez eta bakartuta daudenez, asko ez dira aurre egiteko gai izaten», azaldu du SOS Arrazakeriakoak.
Larrañagaren ustez, isolamendua da zaintza eta garbiketako sektoreetako langileek duten oztopoetako bat, izan ere, horrek kolektiboki antolatzeko gaitasuna txikitzen du, eta lan gatazkei aurre egitea zailtzen du: «Bakarrik nahi gaituzte, elkarrekin arriskutsuak garelako».
Zailtasun horiei aurre egin, eta euren etorkizuna hobetzeko, antolakuntzaren, elkartasunaren eta borrokaren beharra nabarmendu dute denek: «Grebak oso gogorrak izaten dira, baina argi daukagu borrokatu gabe ez dugula ezer lortuko. Bakarrik ezin da ezer lortu, horregatik, ezinbestekoa da gure artean antolatzea».