Bi bertsio kontrajarri Kijera gaztetxearen inguruan
Parte Zaharreko Kijera gaztetxea itxita dago, eta bizilagunek salatu dute udalak ez duela esandakoa bete. Goiak, ordea, dena ukatu du.
Kijera gaztetxeak hilabete batzuk daramatza geldirik. Auzoko hamabost eragilek joan den larunbatean egin zuten prentsaurrekoan azaldu zutenez, “udalak ez du bere hitza bete”, eta gaztetxea itxi egin du.
Gaztetxean arazo bat sortu zen joan den urtearen amaieran, eta auzotarren batzarraren ordezkariek bilera bat eskatu zioten udal gobernuari, arazo horrentzako irtenbide bat topatzeko helburuarekin. Bilera hori iazko abenduaren 23an egin zuten, eta, auzotarren arabera, Kanpandegi kaleko eraikineko giltza udaleko ordezkariei eman zieten, arazoa udalak konponduko zuela adostuz. Era berean, arazoari irtenbide bat eman ondoren, udalak giltza gaztetxeko kideei itzultzeko konpromisoa hartu zuen, bizilagunen arabera: “Gaztetxeko kideak haien ohiko dinamikei berrekin ahal izango zietela eta Kaialde eraikinaren zesioa aztertzeko prozesuarekin aurrera jarraituko genuela ziurtatu ziguten”.
Urtarrilaren 14an beste bilera bat egin zuten bi aldeek, baina auzotarrek azaldu dutenez, udalaren jarrera erabat aldatu zen orduan. Izan ere, giltzak itzultzeari uko egin zioten udal ordezkariek, eraikinak egitura arazo larriak dituela argudiatuz. Parte Zaharrekoen arabera, otsailean hirugarren bilera bat egingo zutela adostu zuten, arazo horiek frogatzen zituen txostena ikusteko.
Bilera hori, ordea, ez dute egin, eta udalaren erabakiak Kijeraren proiektua “zapuztu” egiten duela nabarmendu dute bizilagunek, lankidetzaren bidez abiatutako bidea “pikutara” bidaliz. Otsaileko bilera ez dutenez egin, txostena ez dutela ikusi salatu dute auzotarrek, eta, beraz, udalak ez duela bere hitza bete, ez giltzekin, ez bilerarekin.
Alkateak dena ukatu du
Gaiaren inguruan galdetuta, Eneko Goia alkateak bizilagunek esandakoa ezeztatu du, eta azaldu du gaztetxeko kideek eraikinari “uko” egin ziotela abenduan: “Giltzak eman egin zitzaizkigun arazo bat sortu zelako eta uko egin ziotelako eraikinari. Hori da errealitatea”.
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak, aldiz, auzotarren bertsioari eutsi dio sare sozialetan, eta azpimarratu du giltzak itzuliko zizkietela agindu zietela: “Bileran izan ginen guztiok badakigu; galdetu bestela han izan ziren alkatetzako bi ordezkariei”. IRUTXULOKO HITZA bizilagunekin harremanetan jarri da, baina ez du gaztetxeko kideen adierazpenik lortu.
Bestalde, Goiak eraikinaren arazoak biltzen dituen txostenaren existentzia baieztatu du, baina otsailean beste bilera bat egiteko prest agertu izana ukatu du. Horri ere erantzun diote auzotarrek sare sozialetan, txostena aurkezteko bilera hori egingo zutela agindu zietela nabarmenduz, eta urtarrileko bileran egon ziren zortzi udal ordezkariak horren lekuko direla esan dute.
Zesio-akordioa bertan behera
Eraikinaren kudeaketa gaztetxearen esku gelditzeko “adostear” zegoen zesio-akordioa bertan behera utzi izana gaitzetsi dute bizilagunek, eta akordioaren aukera mahaigaineratu dute: “Dei egiten diogu udal gobernuari okertutako bidea zuzendu dezan”. Goiak, ordea, zesio proiektua bukatutzat eman du: “Hori etenda dago”.