Donostiak emakumezkoen kirolaren erreferente izaten jarraitzen du Estatu mailan
Donostia Kirolak Estatu mailako emakumeen goi mailako kirolari buruz urtero gauzatzen duen ikerketak Donostia lider gisa kokatu du berriro ere. Duela zazpi urtetik egiten da ikerketa, emakumezkoen kirolak hirian duen garrantzia azpimarratzeko eta ikustarazteko. Azterketa honetan, kirol-modalitate kolektiboetan parte hartzen duten taldeak aztertu dituzte (futbola, saskibaloia, eskubaloia, hockeya, boleibola, waterpoloa, errugbia, izotz-hockeya, softbola, areto-futbola, arraunketa eta curlinga), baita atletismoa eta igeriketa ere, hainbat kategoriatako kluben arteko lehia delako.
Emaitzen arabera, denboraldi honetan, aztertutako hamalau kirol-modalitateetatik zortzitan dituzte ordezkariak Donostiako taldeek. Guztira, hamar emakume talde daude kategoria gorenean: Berabera eskubaloian, Real Sociedad futbol eta belar-hockeyan, Ibaeta (IDK-Euskotren) saskibaloian, Atletico SS atletismoan, Txuri Urdin izotz-hockeyan, Txuri Berri curlingean, eta Donostiarra eta Arraun Lagunak arraunketan.
Elitean emakume talderen bat duten Estatuko 79 herrien rankingean hirugarren postuan kokatzen da Donostia (kopuru absolutuagatik), Bartzelonaren (12) eta Madrilen (11) atzetik. Hala ere, emakume-taldeen kopurua herri bakoitzeko biztanleriari dagokionez aztertuz gero, Donostiak lehenengo tokian jarrituko luke probintzia-hiriburuen artean, 20.824 biztanleko talde bateko ratioa baitu, Madril eta Bartzelonak baina gehiago proportzionalki. Bigarren tokian Logroño dago, lau talderekin eta 38.182ko ratioarekin, eta hirugarrenean Ourense, bi talde eta 52.617ko ratioarekin.
Euskal Herriko gainerako hiriburuei dagokienez, Donostia sailkapeneko lehen postuan dago, bai talde kopuru absolutuari dagokionez, bai talde bakoitzeko biztanle-ratioari dagokionez ere. Gasteiz da bigarrena, lau talde ditu elitean eta 62.994 biztanle talde bakoitzeko. Ondoren, Bilbo dago bi talderekin eta 173.422 biztanlerekin talde bakoitzeko, eta azkenik Iruñea, 201.653ko ratioarekin eta talde bakarrarekin.
Talde kopurua eta modalitate-aniztasuna ez da erreferentzia eremu bakarra Donostiarentzat: talde horien kirol-emaitzetan ere erreferentea da. 019an, Espainiako Curling Txapelketa (Txuri Berri), Espainiako Futbol Kopa (Real Sociedad), Europako Hockey txapeldunordea (Real Sociedad), Eskubaloi Kopa (Bera Bera), Espainiako Batel Txapelketa (Donostiarra) eta Softboleko Europako Txapelketa (Atletico SS) nabarmendu daitezke.
Azpimarratu dute emakumeen kirolaren egoera ona hiriko kirol klub ugarik egindako sustatze lanari zor zaiola, emakumeen lizentzia federatuen portzentajeak etengabe gora egin baitu: “Azken 5 urteetan 10 puntu igo da, eta kopuru osoaren %34,5era iritsi da. Nabarmentzekoa da kadete eta jubenil kategorietan emakumezkoen lizentziak guztizkoaren %40 direla”.
Donostia Kirolak azpimarratu du klub horiei laguntzen jarraituko duela hainbat neurri hartuta, hala nola, “aintzatespen-ekintzak eta emakumeen kirolari ikusgarritasun handiagoa emateko beste ekintza batzuk, Donostia Kirolak diru-laguntzak emateko eta kirol-espazioak erreserbatzeko ezarri dituen diskriminazio positiborako irizpideak, edo emakumeen kirolerako diru-laguntza esklusiboak (2019an, 230.000 €-tik gora)”.
#GoazenNeskak kanpainaren beste edizio bat
Emakumeen arten kirola sustatzeko kanpaina bat garatzen du Donostia Kirolak. Aurtengo kanpainan Kirol txartela izango da ardatz nagusia, Behobia-SS bezalako kirol-proba batzuek bultzatutako 50/50 helburuarekin bat datorrena, eta bost urtean Kirol txartelari harpidedutako emakumeen ehunekoa gizonezkoenarekin parekatzea nahi dute.
Iaz, 2019an, 23.000 emakume abonatuta zeuden Kirol Txartelean; gizonak, berriz, 26.400 abonatu izan ziren. Gaur egun abonatutako emakumeen ehunekoa %46,5ekoa da. Kanpainaren elementu nagusia aurten bideo bat da, kirol-eremu guztietan ehuneko hori lortzera bultzatzeko.