Inkesta: Nola bizi duzu martxoaren 8a?
Urrats euskaltegiko ikasleekin bildu gara martxoaren 8aren atarian, Emakumeen Nazioarteko Eguna nola bizi duten jakiteko.
Martxoaren 8a beste egun edozein bezalakoa da niretzat, baina nire amaren urtebetetzea da, beraz, denok bazkaltzeko biltzen gara. Horretaz gain, ez dut ezer berezirik egiten.
Niretzat beste egun bat da. Emakumea naiz, horretaz harro sentitzen naiz, eta niretzat nahikoa da hori. Badakigu zer egin behar den, eta gure esku dago gauzak aldatzea. Martxoaren 8a egun bat da soilik, eta egunero egin behar ditugu gauzak gure etxean.
Igandean alabarekin manifestaziora joango naiz. Iaz, greba dela eta, nire alaba lanera eraman nuen, nire bikotekideak eta ikastolak greba egin zutelako. Beraz, aurten ere manifestaziora joango naiz alabarekin, nire bikotekidea agian etxean geldituko delako, lana dela eta.
Iaz martxoaren 8ko manifestaziora joan nintzen, baina aurten ez naiz joango. Hala ere, ados nago aldarrikatzen dutenarekin, eta egunero saiatzen naiz berdintasunaren alde egiten.
Emakumea naizen heinean, emakumeen alde nago. Egia esateko, egunero egiten dut emakumeen alde, pixkanaka eskubideak lortzen joan behar dugulako. Gauza asko aldatu egin dira, baina beste asko bidean geratzen dira. Horregatik, kontzientzia hartu behar dugu, gure neska gaztetxoentzat eskubideak lortzeko. Ondo dago egun batean arreta berezia ematea emakumeei, baina egunero egin behar dira gauzak, lanean, ikastolan, eta gizartean, orokorrean. Ni, adibidez, saiatzen naiz lanean nire eta nire lankideen eskubideak erreklamatzen.
Niretzat, oso garrantzitsua da martxoaren 8ko mobilizazioetan parte hartzea. Egunero egin behar dira berdintasunaren aldeko ekintzak, baina oso garrantzitsua da egun batean indarra egitea, emakumeen indarra nabaritzeko. Martxoaren 8an ez dut ezer berezirik egiten, baina egunero saiatzen naiz matxismoaren aurka egiten.
Nik bizitza osoa borrokan eman dut, nire familiakoak oso matxistak direlako, emakumeak, batez ere. Lanari dagokionez, gizarte hezitzailea naiz, eta nire lanean gizonak eta emakumeak egoera berean daude. Hala ere, nire lana oso feminizatuta dago.
Bestalde, urtero martxoaren 8ko manifestazioan parte hartzen dut. Izan ere, pentsatzen dut garrantzitsua dela zaintza lanak egiten dituztenak ere grebetan gelditzea, ikusteko munduaren parte handi bat gelditzen dela. Aurten ere parte hartuko dut mobilizazioetan, oraindik asko dagoelako egiteko.