"Irutxuloko Hitza hiriko pluraltasuna ondoen jasotzen duen hedabideetako bat da"
Ander Usabiaga (Donostia, 1972) 24 urterekin hasi zen 'Irutxulo' astekarian lanean, eta bere azken zuzendari izaten amaitu zuen, Aitziber Iartzarekin batera. 'Gaztetxulo' aldizkariaren ardura ere izan du, eta 'Irutxuloko Hitza'-n ere jardun zuen urte batzuetan. Gaur egun, Donostiako Udaleko EH Bilduko aholkularia da.
Irutxulo astekarian hasi zen 24 urterekin, sortu eta bi urtera (1996an). Lehendabizi Amara Berriko kronikak egiten zituen, eta gero, erredakzioan sartu zen. Aldizkariaren barruan Gaztetxulo sortu zuten, atal moduan. Usabiagak hartu zuen ardura, baita astekari bihurtu zenean ere. Irutxuloko Hitza sortu baino urtebete lehenago, Irutxulo-n ere idazten zuen. Aitziber Iartzarekin batera Irutxulo-ren zuzendaritza hartu zuen, eta ondoren, ‘Irutxuloko Hitza’-n. Egun Donostiako Udaleko EH Bilduko aholkularia da.
Irutxuloko Hitza uler daiteke Irutxulo aldizkaria kontuan hartu gabe?
Ez noski. Irutxulo aitzindaria zen Donostian euskarazko informazioa eskaintzen, era profesional eta txukun batean. Harrobia ere egin zuen Donostian: kazetariak trebatu egin zituen euskaraz informatzen eta informazio lokala ematen. Sare bat ere sortu zuen, auzoetan informatzaileak… Ohitura bat ere sortu zuen… erreferentzialtasun bat, eta horri esker da Irutxuloko Hitza gaur egun dena. Hori gabe ezin dugu Irutxuloko Hitza ulertu: hori gabe askoz bide zailagoa izango zuen, Irutxulo-k landuko bidea jarraitu duelako, kazetarien trebakuntzan sare bat zen eta informazioari dagokionean hirian erreferentzialtasun bat. Gaur egun hirian oso naturala da Irutxuloko Hitza publikazio moduan, sarean, Interneten… eta Irutxuloko Hitzako kazetari bat joaten denean edozein tokitara, toki gehienetara… jada bada ezaguna bide bat daukalako, ezaguna da.
Zergatik eta zer helbururekin sortu zenuten Irutxulo aldizkaria?
Nik ez nuen sorreran parte hartu. Bazegoen hutsune handi bat: informazio lokalik ez zegoen Donostian euskaraz, eta ordurako baziren sortuak dagoeneko hainbat komunikabide Euskal Herrian. Ttipi Ttapa bazegoen, Debagoienan jada bazegoen: Arrasate Press izango zen lehenengoetako bat… Bazeuden erreferentzialtasun batzuk, eta horregatik sortu zuten: euskarazko informazioa Donostiari buruz, donostiarrentzako. Gainera, ikusi da masa kritiko bat bazegoela Donostian. Milaka euskaldun gara, gutxiengoa, baina gero eta gehiago… baina garai hartan bazen masa kritiko bat produktu hori sortzeko eta kontsumitzeko. Gainera, bada tradizio bat Donostian (dena ez da informazioa, diru iturriak behar dira) euskarazko iragarkiak egin dituzten komertzioenak… orduan bazegoen oinarri bat horretarako. Irutxulori esker baita ere, komertzio eta enpresa pila batek ohitura hartu dute euskarazko publizitatea egiteko. Horietako asko erdaldunak ziren eta dira, baina beraientzako aukera bat da euskaldunak ere bezero potentzial gisa jotzeagatik, eta Irutxulo interesgarria zitzaien horregatik.
Erronka handia izan zen Donostiako egunerokoaren berri emango zuen erredakzio bat martxan jartzea?
Bai, aldaketa handia izan zen gu ohituta geundelako astekariarekin, asteko erritmoan funtzionatzen. Asteko funtzionamenduak beste lasaitasun bat ematen dizu, baina nik uste dut nahiko ondo egokitu ginela. Gero egunkari batekin, azkenean, egunerokotasunari askoz gehiago lotutako produktu bat ateratzen ari zara, eta horrek eskatzen dizu esfortzu handiagoa., baina aukera ematen dizu kazetaritza gustuko baduzu, gehiago bizitzeko. Zerbait gertatzen bada arratsaldeko zazpietan egunkari horretan jaso behar duzulako, ez duzu itxaron behar ez dakit noiz arte. Egia da hala ere errealitate hori asko aldatu dela: baditu sare sozialak, eta gaur egun beste bide batzuk nolabait egunerokoarekiko lotura hori mantentzeko. Baina garai hartan uste dut apustu polita izan zela, noski egokitzapen batzuk egin behar ziren, ez zen erraza izan baina nik uste dut emaitza positiboa izan zela, eta harrera ona lortu genuela.
Nola eman zenuten proiektuaren berri hirian? Nola zabaldu zineten, nola hedatu?
Gogoan dut publizitate kanpainatxo bat egin genuela, Miramar jauregian aurkezpena egin genuela Donostiako gizarte eragile asko eta oso anitzekin. San Sebastian egunaren bezperan atera genuen zero alea, eta banatu genituen sukaldari txanoak Irutxuloko Hitzaren pegatinekin. Txano normalak hartu genituen, eta gero pegatinak jarri genituen boluntarioen laguntzarekin. Milaka txano atera ziren, eta jende pila bat zebilen txanoarekin eta kalean ikusten ziren. Produktua ezagutarazteari dagokionean, hainbat ekintza egin genituen, eta gero egunerokoa. Gure lana ere bazen produktua hedatzea, eta ezagutzen ez zuen jendearengana iristea. Kazetariek ere bazuten atxikimendua proiektuarekin, ez ginen kazetari soilak, ardura hori ere bagenuen, eta toki batera joan eta ez bazuten Irutxuloko Hitza ezagutzen, gure lana zen saiatzea kontaktua egiten eta normalean harrera ona izaten zen.
Zerk eraman zintuzten Irutxuloko Hitza sortzera?
Garai hartan euskalgintzan bazegoen apustu bat: nolabait astekarietatik maiztasuna areagotzeko joera orokor bat. Dinamika horretan sartu zen EKT, Berria inguruko jendea, eta haiekin egin genuen bidea. Beste eskualde batzuetan, Debagoienan bere bidea bakarrik egin zuten, baina bide bera. Beraz, bazegoen maiztasuna areagotzeko beharra, aukera eta gogoa. Bide bat egin dugu, emaitza onekin, eta potentzialitate bat ikusten zen, eta pauso hori eman genuen, eta uste dut asmatu genuela. Egia da asko aldatu dela panorama, Jesukristoren iraultza dago komunikazioen arloan, eta hor, noski egokitzapenak egin behar izan direla, baina uste dut momentu horretan apustu egokia zela, eta ez zela apustu erraza, bereziki Donostia bezalako hiri batean, eta emaitza txukuna izan zen. Baina iraultza handia izan da gizarte osoan eta komunikazioan, eta hor aukerak sortu dira eta arriskuak ere, asko. Garai hartan zentzu osoa zeukan emandako saltoak. Gaur egun panorama aldatu eta euskarazko komunikabideek aldatu behar izan dute beraien burua.
Aldaketa handia egon zen edukietan edo forman?
Lan egiteko forman. Azken finean edukiak berdinak ziren, baina egunkari bat duzun momentutik informazio gehiago eta azkarrago eman behar duzu. Eduki aldetik beste aukera batzuk ematen zizkizun horrek: Gaztelubide danborradarekin emakumeak lehen aldiz azaldu zirela lehen aldiz guk kontatu genuen, guk izan genuen primizia, eta betiko komunikabide guztien aurretik joan ginen. Zeresan handia izan zuen, eta bidea eman zuen emakumeak askoz gehiago txertatzeko danborradan, eta beste batzuek pauso hori emateko. Ilusioa egin zidan. Egunkari bat baduzu aukera duzu hori edozein momentutan azaltzeko eta badakizu beste batek primizia jateko aukera askoz ere txikiagoa dela. Astekaria baduzu askoz gehiago itxaron behar duzu. Hori alde batera utzita, ez nuke esango aldaketa handirik izan zenik informazioan, bai informazioa jorratzeko moduan, eta beste aukera batzuk irekitzen zaizkizu. Irutxulok betetzen zuen papera beste irakurketa pausatuagoak egiteko edo erreportaje zabalagoak (astekariek paper hori hartzen dute)… hori ere Hitza-n egiten genuen asteburuan… Ateak zabaldu zizkigun egunerokotasunari dagokionez, egunerokotasun horri erantzuteko aukerak zabaldu zizkigulako.
Langileek aldaketa hori asko nabaritu zenuten?
Lan egiteko moduan, ordutegietan, eta presioan… egunero dago egunkaria ateratzeko ardura eta presioa. Astekari batean zure burua beste modu batera antolatu dezakezu, eta egunkari batean presioa antzekoa da egunero.
Nola lantzen zenuten hiria informatiboki?
Gure bereizgarri nagusia zen, eta oraindik bada, beste komunikabide batzuetan, betikoak, nagusiak, sarbide zailagoa duten sektore batzuek sarbide errazagoa dutela Irutxuloko Hitzan. Alde horretatik, adibidez, esango nuke Donostiako pluraltasuna ondoen jasotzen duten komunikabideetako bat izan dela eta dela Irutxuloko Hitza. Informazio instituzionala dago, komunikabide nagusietan azaltzen den informazioa ere badago, baina beste sektore batzuek, oso gutxitan azaltzen direnak komunikabide handietan, erdarazkoetan, sarbide errazagoa dute Irutxuloko Hitzan. Auzo elkarteak, herri mugimenduak, eragile sozialak dira horiek: instituzioekiko edota gaur egungo sistemarekiko ikuspegi kritikoa dutenak.
Irutxuloko Hitzaren 15 urteotako ibilbidea nola baloratzen duzu?
Ibilbide logikoa izan da, gizartearen aldaketek bultzatu dute: beste komunikabide batzuek, gehienek, egin dutena eta beste batzuek egiteko dutena. Apustu eta bide logikoa eta egokia. Paperak garrantzia galdu du (nire ustez oraindik etorkizuna badu) eta egunerokoari lotuta askoz erreferentzialagoak dira Twitterra, webgunea… Prozesu logikoa, naturala eta ondo egindakoa izan da.
Zein gomendio emango zenioke Irutxuloko Hitzari?
Ez dut uste nik inolako gomendiorik egin behar diodanik. Gauzak txukun egiten ari dira. Zerbait esatekotan esango nuke ausartak izateko, uste dut apustuak egin behar direla, ausardia behar dela, euskarazko kazetaritzak badituela aukerak, panorama ez dela erraza, baina horregatik ausarta izatea tokatzen da. Orain arte ausarta izan da, baina bide horretatik jarraitu behar du.
Nola aldatu da Donostia?
Ni ez nago batere gustura Donostiak azken urteotan hartutako bidearekin. Ez dut esango lehenago pozik nengoenik, hamaika gauza hobetzeko, beti, baina esango nuke azken urteotan oso norabide arriskutsuan sartu dela, eta etorkizuna arriskuan dugula. Turistifikazioaren aldeko apustua egin da: turismoa ona da, baina muga batzuk izan behar ditu. Edozein jardueraren gainetik herritarren eskubideak gailendu behar dira, helburuak izan behar du donostiarren bizi kalitatea hobetzea. Egoerak denoi eragiten digu. Prozesu hori ez da lagungarria euskarazko komunikabide batentzat.
Zeintzuk dira Irutxuloko Hitzaren ekarpen nagusiak donostiarrei?
Tokiko informazioa euskaraz eskaintzea eta herritarrek euskaraz jaso ahal izatea. Gero, Donostiako pluraltasuna nahiko txukun jasotzea eta beste toki batzuetan sarbidea ez duten edo oso sarbide zaila duten sektoreei atea irekitzea. Biak dira funtsezkoak, hutsune handia zegoelako Irutxulo eta Irutxuloko Hitza sortu arte.