Borroka asteburua gogoz hasi du Donostiako Mugimendu Feministak
Eguraldi kaskarrari aurre eginez, Donostiako feministek Borroka astebururari hasiera eman zioten larunbatean, hirian zehar eginiko hainbat mobilizaziorekin. Lehena, Martuteneko espetxean eginiko elkarretaratzea izan zen, eta hor, mugimendu feministak estatu frantses eta espainolaren espetxe politikak salatu eta espetxeratutako “ahizpei” elkartasuna adierazi zien.
Hortik, auzoz auzoko ibilbideari ekin zioten bizikletaz, “borroka asteburua dela azaldu eta emakumeek kalera ateratzeko dituzten arrazoiak iragartzeko”. Mugimendu feministak asteburu osoko egitaraua antolatu du martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, eta Bulebarrean gune propioa sortu du egun hauetarako, karpa batekin.
Hara iristerakoan, feministek elkarrekin bazkaldu eta, ondoren, hitzaldi eta tailerrekin hasi ziren. Hitzaldiei dagokienez, Txile eta Mexikoko borroka feministen berri izan zuten, herrialde horietako bi kideren eskutik, eta, era berean, herri mugimenduen barruan ematen diren erasoen inguruko lanketa ere egin zuten Bilgune Feministak antolaturiko saioan.
Horrez gain, Fires Lantegi Berreskuratuko emakumeek serigrafia tailer bat egin zuten, eta horren ostean, trikipoteoa egin zuten Parte Zaharrean, “borroka egunean ere jaia eta gozamena aldarrikatzen ditugulako”.
Egunean zehar zeruak tregoa eman zien arren, gaueko eguraldia ikusita, Bulebarreko karpako gaubela bertan behera uztea erabaki zuen mugimendu feministak, kideak zaindu eta martxoaren 8ra indarrez heltzeko helburuarekin.