Emakume feminista historikoen irudiekin bete dute Egiako tunela
Kontadores zentroko stencil margoketa laborategiko kideek hainbat horma irudi margotu dituzte goizean Egiako tunelean, ikasitakoak erabiliz martxoaren 8ko aldarrikapenei euren ekarpena egiteko. Eguerdira bitarte, historian zehar feminismoaren ikuspegitik nabarmendu diren hamabi emakume irudikatu dituzte hormetan, bakoitzaren aurpegia espraiez margotuz eta, alboan, haiei buruzko azalpen laburrak txertatuta.
Egitasmoak mundu osoko eta arlo desberdinetako emakume ikonikoak ezagutzeko aukera ematen du. Besteak beste, Rigoberta Menchu borrokalari indigena, Wangari Maathai politikari kenyarra eta Malala Yousafzai aktibista pakistandarra irudikatu dituzte, eta baita Maurizia Aldeiturriaga pandero jotzaile eta abeslari euskalduna ere.
Gainera, margoketak egiteko erabili dituzten oihaletan nahi dutena idazteko aukera eman diete Kontadoreseko kideek tuneletik igartzen diren herritarrei, haiek ere euren ekarpenak egin ditzaten.