Feministek Donostiako erdigunea eten dute
Eguerdiko manifestazioan zehar, feministek eserialdiak egin dituzte Askatasunaren Hiribidean eta Bulebarrean.
Donostiako Mugimendu Feministak indartsu hasi du martxoaren 8a. Larunbateko eta goizeko mobilizazioen ostean, milaka pertsonek bat egin dute Bulebarrean, eguerdiko martxarekin heteropatriarkatuaren aurka agertu eta emakumeen eskubideak aldarrikatzeko.
Martxa Askatasunaren Hiribidera iritsi denean, protestan ari zirenek errepidearen bi norabideak hartu dituzte, ibilgailuen zirkulazioa moztuz. Hor hamar bat minutuz egon dira, oihu eta txaloen artean kalea feministena dela aldarrikatuz, errepidea moztuta zegoen bitartean. Denbora hori pasata, berriz, euren kabuz berrekin diote martxari.
Behin Bulebarrera iritsita, bigarren eserialdi bat egin dute, motzagoa, protestari amaiera emateko. Bazkaltzera joan aurretik, ordea, martxaren antolatzaileek gogoratu dute mobilizazioak egun osoan zehar egingo direla, eta herritarrei horietan parte hartzeko deia egin diete.
IRUTXULOKO HITZA martxoaren 8ko mobilizazioen orduz orduko jarraipena egiten ari da. Jarraian, goizak utzitako irudi batzuk: