"Kaleak okupatu ditugu, baita feminismoz bete ere"
Donostiako mugimendu feministaren aldarriak ozen entzun dira martxoaren 8an. Milaka pertsona bildu dituen manifestazioarekin, feministek indar erakustaldi bat eginez amaitu dute Emakumearen Nazioarteko Egunerako prestatu duten egitaraua.
“Antolatu indarrak, batu borroka feministara!” zioen pankarta jarraituz, manifestazioak Erdialdea eta Gros gurutzatu ditu, Bulebarrera bueltatu den arte. Martxaren burua ibilbidearen amaierara iritsi denean, bere beste muturra oraindik Askatasunaren Hiribidean zegoen, han bildutako jendetzaren kopurua aditzera emanez.
Protestaren amaierako hitzartzeetan, erresidentzietako grebalari batek eta garbitzaile batek hartu dute hitza, sektore feminizatuetako emakumeek jasaten dituzten lan baldintza kaskarrak salatu eta soldata arrakalaren amaiera exijitzeko.
Haien ostean, Donostiako Asanblada Feministako bi kidek hitz egin dute, martxoaren 8ak utzitakoaren balorazio bat egiteko: “Aurten berriro ere kaleak bete ditugu, eta ozen eta argi esan dugu jendarte eredu hau bizi-gaitza dela pertsona gehienontzat, batez ere emakume* eta genero disidenteontzat, eta jasanezina planetarentzat. […] Asteburuan feminista ugarik erakutsi dugu mila arrazoi daudela borrokatzeko, eta kaleak okupatu ditugu, baita feminismoz bete ere”.
IRUTXULOKO HITZAk martxoaren 8ko mobilizazioen orduz orduko jarraipena egin du egun osoan zehar. Jarraian, egunak utzitako irudi batzuk: